LIV GUTUNA
RICA-k ***-n dagoen USBEK-i
Gaur goizean nire gelan nengoen, zein ez duen bereizten, dakizunez, besteetarik horma estu eta zenbait lekutan zulaturik dagoenak baizik eta, beraz, aldameneko gelan esaten dena entzuten den. Pausu handiz zebilen gizon batek beste bati honakoa zioen: «Ez dakit zer arraio gertatzen ari zaidan, baina denak nire kontra dauzkat: badu hiru egun ez dudala esan ezer aipagarririk eta berriketa guztietan nahasia nabilela, nitaz inork ez duela erreparatu eta ardura izpirik ere inork ez didala ageri. Nire solasa animatzeko izkirimiri batzuek prestatuak neuzkan: inork ez dit inoiz hizpiderik eman. Ipuin pollit bat baneukan kontatzeko; baina abiapuntuan nengoenean nahita egingo balute bezala ez didate okasiorik utzi tartean sartzeko. Baditut prestaturik azken lau egunotan hitz joko batzuek, zahartzen ari zaizkidanak buruan, inoiz ez baitut plazaratzeko abagunerik. Hala jarraitzen badut lelotu egingo naiz, eta hori dirudit dela nire ipar saihets ezina. Atzo batere beldurtzen ez nauten lauzpabost atsorekin luzitzea espero nuelarik, eta Munduko gauzarik pollitenak esan behar nizkielarik, saiatu nintzen ordu laurden batez elkarrizketa zuzentzen; baina beraiek ez zidaten segitu nahi, eta moztu egin zidaten Parken gisara nire solasaren haria. Nahi duzu gauza bat esatea? Benetan zaila da mantentzea mintzalari onaren fama. Ez dakit nola lortu duzun zuk hori. — Burura pentsamendu bat datorkit, erantzun zion besteak: saia gaitezen elkarrekin hori lortzen. Egunero elkarri esango diogu zertaz behar dugun mintzatu, eta batak besteari lagunduko dio, horrela norbait baldin badatorkigu gure ideiez hitz egiten ari garenean, modu onean gure solasari lotzen saia gaitezen, eta onean ez bada txarrean. Aldez aurretik ezarriko dugu non onar, non beharko dugun irribarre egin, non irri eta non irri-karkailez lehertu. Ikusiko duzu nola gure solas guztiei ematen diegun behar duten tornua, eta nola miretsiko duten gure adimenen bizia eta gure irtenaldien grazia. Elkar zainduko dugu buru keinuen medioz. Gaur zuk luzituko duzu: bihar nik. Etxe batean sartuko gara elkarrekin eta nik ahots goraz seinalatzen zaitudalarik esango dut: «Kontatu behar dizuet, Jaun honek kalean aurkitu berri dugun gizon bati eman dion erantzuna.» Eta begiratzen zaitudalarik: «Ez zuen, ez, espero halakorik; haren harridura!» Nik nire zenbait bertso errezitatuko ditut, eta zuk esango duzu: «Hantxe bertan nengoen ondu zituenean; afari batean zen, eta bat-batean moldatu zituen.» Noizbehinka elkarri ziriak sartuko dizkiogu eta esango dute: «Ikustazue nola erasotzen eta defenditzen diren! Ez dute mihia herdoildurik, alajaina! Ikus dezagun zertan bukatzen den istorioa. Miresgarria! Hori da hori plaza-gizon izatea! Benetako nor gehiagoka.» Baina ez da jakingo bezperan saiatuak ginenik. Liburu batzuek erosi beharko ditugu, irri eta ziri bilduma xorta dakarketenak eta adimenik ez izan arren disimulatu nahi dutenentzat eginak direnak: dena eredu kontua da. Nahiko nuke sei hilabete baino lehenago gauza izan gaitezen ordu bateko hitz ederrez bete elkarrizketa mantentzeko. Baina erne ibili behar dugu: fortunak iraun behar baitigu. Ez da askietsi behar hitz zorrotzak erabiltzearekin: plazaratu egin behar dira: barreiatu eta denetan hedatu. Hori gabe, dena galdua litzateke; aitortu behar baitizut ez dagoela izkirimiri eder bat asmatu eta kontatu diozunari bere lelo belarrian hiltzea bezain gauza penagarriagorik. Egia da ere alderantzizkoa gertatzen zaigula maiz, alegia, tontakeriak esatea, eta hauek incognito gelditzea; eta hori da okasio honetan kontsola gaitzakeen gauza bakarra. Hona, ene maitea, dagokigun bidea. Egizu esaten dizudana, eta zin degizut sei hilabete baino lehenago Akademian plaza bat izanen duzula. Esan nahi dizut lana ez dela luzarokoa: akademikoa izatean zure arteari muzin egin baitiezaiokezu: dena dela egiten duzuna gizon argi bat izanen zara. Ohartua nago Frantzian gizon bat konpainia baten partaide egiten den une beretik, hartzen duela esaten ohi den taldeko izpiritua. Berdin egin dezakezu zeuk, eta ez duzu gaitzetsiko txaloen ugaria baizik.
Parisen,
1714ko Zilcadé-ren ilargiaren 6an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu