LIII GUTUNA
ZELIS-ek PARISen dagoen USBEK-i
Sekulan ez da halako pasio bortitz eta bizirik Cosrou, eunuko zuriari, nire mirabe Zelide-rekin sortu zaiona bezalakorik: hain sutsu eskatu du espos legez, ezen ezina izan zaidan ukatzea. Eta zergatik egin beharko nuke kontra, amak ez duenean egiten, eta Wide bera pozik dirudienean gezurrezko ezkontza honekin eta aurkezten zaion itzal hutsalarekin?
Zer egin nahiko ote du senarretarik jelosia besterik izango ez duen gizagaixo honekin; hoztasunetik aterako ez dena etsipen alfer batean erortzeko baizik; izandakoaz beti oroituko dena, gogorarazteko jada ez dena; beti emateko prest eta beti ezin aserik, engainatu eginen dena, eta etengabe duena tronpaturen sufriaraziz une oroz bere kondizionearen atsekabe guztiak?
Eta zer da hori! Beti irudi eta amets gaiztoen artean ibiltzea! irudimenerako bakarrik bizitzea! plazeren ondoan bizitzea baina inoiz plazeretan ez murgiltzea! malerus baten besoetan hiratzen, haren suspirioak erantzun ordez, haren aieneak bakarrik erantzutea!
Zein mespretxu ez duen behar izan halako gizagaixo bati buruz, ez dagoena egina zaindari izateko baizik, sekulan ez jabe. Amodioa bilatzen dut eta ez dut aurkitzen.
Aske mintzo natzaizu badakidalako nire naturaltasuna laket zaizula, eta hobesten nire izaera librea eta plazerekiko dudan sentsibilitatea nire kideen ahalke faltsuari.
Hamaika aldiz entzun dizut eunukoek ezagutzen ez dugun plazerez gozatzen dutela andereekin; naturak batean galdu duena bestean errekuperatzen duela; kondizionearen alde okerrak erreparatzeko badituela bitartekoak; gizon izateari uko egin diezaiokeela, baina ez sentitzeari; eta egoera honetan, hirugarren zentzu baten jabe direla, non, nolabait esatearren, ez den plazer motaz baizik aldatzen.
Hala balitz, pena gutxiago neukake Zélinde-z: zerbait baita hain dohakabe ez den jendearekin bizitzea.
Emazkidazu aginduak ezkontza honen gainean, eta esadazu nahi duzun ala ez anderenean ospa dadin.
Adio.
Ispahan-go anderenetik,
1713ko Chalval-en ilargiaren 5ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu