LII GUTUNA
RICA-k ***-n dagoen USBEK-i
Lehengo egunean aski ongi pasa nuen konpainia batean. Adin orotariko andereak baziren: laurogeita laukoa bat, hirurogeikoa bestea, eta hogeita bi urteko iloba zuen berrogeikoa. Gazteenarengana erakarri ninduen halako susmo batek eta honek belarrira esan zidan: «Zer iruditzen zaizu nire izeba, duen adinarekin eta oraindik amoranteen bila dabilela pollita balitz bezala? — Oker dabil, esan nion: hori zuri bakarrik dagokizu.» Une bat geroxeago bere izebaren ondoan nintzen, esan zidanak: «Zer iruditzen zaizu, gutxienez hirurogeitan dabilen eta ordu bat baino gehiago apaintzen eman duen andere hau? — Denbora alferrik bota du, esan nion: zure xarmak behar dira horretan pentsatzeko.Hurbildu nintzaion hirurogeiko andere malerusari zuen zoritxarraz gupidesten nuela, belarrira esan zidanean: «Ba al da gauza irrigarriagorik? Ikusten duzu su kolorea duten zintak daramatzan laurogei urteko atso hori, gaztearena egin nahi du eta lortzen du gainera: haurtzarora itzuli baita.» — «A, Jainko ona! nioen ene baitan, ez ote dugu ikusten besteengan irrigarria dena baizik? — Agian, hala hobe, erantsi nuen, aurkitzen badugu besteen ahulezietan kontsolamendua.» Alabaina laketzeko bidean nintzen, eta esan nuen: «Aski igo gara, eta has gaitezen orain goiti-beheiti, gailurrean dagoen atsoarekin.» — «Andere, halako antza handia daukazue zuk eta mintzaberria naizen horrek, non esango nukeen ahizpak zaretela, eta adin bertsukoak. — Egiaz, Jauna, esan zidan, bat hiltzean, besteak oso izutu beharko du: ez dut uste bi eguneko diferentziarik izango denik batetik bestera.» Utzi nuen atso zaharkitua eta joan nintzen hirurogeikoarengana. «Andere, egin berri dudan apustu bat erabaki behar didazu: ezen zu eta dama hura (berrogei urtekoa seinalatzen niola) adin berekoak zareten alde jokatu dudan. — Alafede, esan zuen, ez dut uste elkarren artean sei hilabeteko aldea denik. — Ongi, noan aitzina.» Pittin bat jaitsi nintzen eta berrogei urtekoarengana inguratu nintzen. «Andere, esadazu faborez, irri egin arazteko deitzen diozun ala ez beste mahai hartan dagoen andereño horri, zure iloba? Bera bezain gaztea zarenez, eta areago esanen nuke, berak badaukala begitartean zuk ez daukazun iraganeko aire bat... — Aditu, esan zidan: bere izeba nauzu, baina horren amak ni baino hogeita bost urte gehiago zituen bederen: ez ginen ama berekoak; nire ahizpari entzuna diot bere alaba eta biok urte berean jaioak ginela. — Esaten nuen nik, bada, andere, eta ez nenbilen oker harrituta.»
Nire Usbek maitea, beren edertasuna galduz baratxe-baratxe hiltzen sentitzen diren andereek gaztarorantz itzuli nahiko lukete. E! nola ez bada saiatu besteak engainatzen? Beren buruak tronpatzen ahalegin guztiak egiten dituzte, ideia guztietan penagarriena denetik ihesi nahian.
Parisera,
1713ko Chalval-en ilargiaren 3an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu