LI GUTUNA

NARGUM, MOSKU-n dagoen Persiako ordezkariak
PARISen dagoen USBEK-i

 

        Ispahan-dik idatzi didate esanez Persia utzi zenuela eta orain Parisen zaudela. Zergatik hartu behar ditut berri hauek besteengandik eta ez zuregandik zuzenean?

        Badu bost urte Erregeen Erregearen aginduek negoziazio garrantzitsuak burutu ditudan herrialde honetan naukatela.

        Badakizu Tzar-a dela printze kristauen artean Persiako interesekin loturik dagoen bakarra, gu bezala Turkiarren etsaia baita.

        Bere inperioa gurea baino zabalagoa da: mila legoa konta baitaitezke Moskutik Txina aldeko azken herriraino.

        Bera da menpekoen bizitza eta ongien jaun eta jabe osoa, lau familia salbu denak esklabo direlarik. Profeten ordezkariak, Erregeen Erregeak, Zerua oinpeko duenak ez darabil bere boterea halako modu beldurgarrian.

        Moskoviako klima espantagarria ikusten duenak ez luke inoiz pentsatuko erbesteratzea bertatik pena handia litzatekeenik; alabaina, handi batek galtzen duenean haren onespena Siberiara bidaltzen dute.

        Gure Profetaren legeak ardoa edatea debekatzen digun bezala Printzearenak moskutarrei.

        Arrotzak errezibitzeko modua persiarrenagandik zeharo ezberdina da. Atzerritar bat haien etxean sartzen den unetik senarrak emaztea aurkezten dio; arrotzak pot ematen dio; eta hau senarrari egin kortesiatzat jotzen da.

        Gurasoek beren alaben ezkontza kontratuan ordinariozki ezartzen duten arren, senarrak ez dituela zigortuko, harrigarria benetan emakume moskutarrei astinduak izatea zenbat laket zaien: uste dute senarraren bihotza ez dela heiena, ez baditu jipoitzen behar bezala: kontrako joerarik balu, barkaezinezko ezaugarria litzaieke.

        Hona hauetariko batek bere amari duela gutxi idatzitako gutuna:

 

        «Ene Ama maitea,

        Munduko andererik malerusena nauzu! Bitarteko guztiak entseatu ditut nire senarrak maite nazan, eta ezin lortu. Atzo, hamaika egiteko banuen etxean,— irten eta egun osoa eman nuen kalean. Uste nuen itzultzerakoan bortizki joko ninduela; baina ez zidan hitzik ere esan. Nire ahizpak beste erako tratua dauka: egunero astintzen du senarrak; eta ezina zaio gizon bati so egitea jipoirik hartu gabe. Elkar oso maite dute, eta Munduan daitekeen armoniarik hoberenean bizi dira.

        Horregatik dago bera hain harro. Baina ez diot okasiorik emango luzaro mespretxa nazan. Erabakia dudala kostarik kosta nire senarrak onets nazan, eta errabiaraziren dut maitasun seinaleak utzi diezazkidaino. Ez dut horrela entzungo, ez nautela jipoitzen eta etxean bizi naizela nitaz arduratzen ez direlarik. Kozkorreko txikiena ematen didanean oihua zeruan ipiniko dut, auzoak pentsa dezan benetan ari dela eta uste dut bizilagunen bat laguntza eskaintzera badatorkit itoko dudala. Eskatzen dizut, ene Ama maitea, esan diezaiozun nire senarrari ez nauela tratatzen behar dudan bezala. Ez zuen hala obratzen hain gizon jentila zen nire aitak, eta oroit naiz nola txikitan zizun amodioa gehiegixkoa zela iruditzen zitzaidan.

        Besarkatzen zaitut, ene Ama maitea.»

 

        Ez dezakete Moskutarrek Inperiotik irten ezta bidaiatzeko ere. Horrela, beste lurraldeetarik banandurik dituzten legeengatik, antzinako ohiturak halako atxikimenduz zaindu dituzte, non pentsatzen duten ez daitekeela besterik eduki.

        Baina orain gobernatzen dituen printzeak dena aldatu nahi izan du: menpekoekin eztabaida handiak izan ditu bizarraren gainean; eta bai apezek, eta bai fraideek ezjakintasunaren alde irten dute.

        Saiatzen da arteak loratu daitezen eta ez du deusik ahanzten, hala Europara nola Asiara bere nazioaren loria heda dadin, orain arte ahantzia eta beraiengatik bakarrik ezagutua izan baita.

        Kezkati eta beti ezinegona bere estatuetan barrena dabil, daukan berezko gogortasunaren seinaleak non-nahi utziz.

        Abandonatzen ditu beraietan kabitu ezinik balego bezala. Europara doalarik beste probintziak eta erresuma berriak bilatzera.

        Besarkatzen zaitut, ene Usbek maitea. Igorrizkidazu zure berriak, otoi.

Moskutik,
1713ko Chalval-en ilargiaren 2an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia