L GUTUNA

RICA-k ***-i

 

        Ezagutu izan ditut pertsonak, bertute hain naturalez hornituak, non ez zitzaien nabarmentzen ere: beren egitekoa burutzen zuten hari lotu gabe eta berezkoa balute bezala ohi ziren portatzen. Eta zituzten kalitate bereziak goraipatu ordez bazirudikeen ez zekitela zutenik. Horrelakoxeak laket zaizkit; eta ez bertutetsu izateaz harritzen diren haiek, eta ekintza on baten kontakizunak miresgarri iruditu beharko lukeela uste dutenak.

        Zeruak talentu handiak eman dizkionari beharrezkoa bazaio modestia, zer esan dezakegu gizon handienak lotsaraziko lukeen urguiluaz harrotzen diren xomorroez?

        Leku guztietan ikusten dut bere buruaz mintzo den jendea: dituzten elkarrizketetan euren irudi desegokia islatzen duen ispilua da. Gertatu zaizkien txikikeria ñimiñoez mintzatuko zaizkizue, eta nahi dute kontaeran ezartzen duten interesa handitu dadin zuen begien aurrean; dena egina dute, dena ikusia, dena esana, dena pentsatua; eredu unibertsala dira, agortzen ez den konparagaia, eta inoiz amaitzen ez den etsenplu iturria. O! Zein den itsusia laudorioa irten den leku bertara zuzendurik dagoenean!

        Duela egun batzuek horrelako gizon batek bi orduz aspertu ninduen bere meritu eta talentuez hitz eginez. Baina, Mundu honetan ez denez amairik gabeko higidurarik isildu egin zen; eta hitz egiteko aukera izan genuen besteok.

        Oso itxura ilunekoa zirudien gizon bat hasi zen esaten, zenbat aspertzen zen berriketetan. «Nola! beti sufritu beharko ote ditugu beren buruak mintzagai bakarra dutenak? — Arrazoin duzu, eraso zuen gure berritsuak. Ni bezala egitea besterik ez duzu: ez dut inoiz neure burua goraipatzen; aberatsa naiz, ongi jaioa, xahutzailea, nire lagunek diotenez, ez zait falta adimenik: baina ez dut sekulan hitz egiten horretaz. Kalitate onik badut, gehiena estimatzen dudana modestia da.»

        Harri eta zur nengoen haren hitz jarioarekin, eta gora mintzo zen bitartean apal esan nuen: «Zoriontsua aski banitate ukanik inoiz bere burua goraltzen ez duena, entzuleen beldur eta bere meritua zalantzan ipintzen ez duena besteen harrotasunarekin!»

Parisen,
1713ko Rhamazan-en ilargiaren 20an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia