XLIX GUTUNA
RICA-k ***-n dagoen USBEK-i
Nire gelan nengoela lehengo egunean modu txit berezian jantzitako derbitxe bat sartu zen: bere bizarra gerriko sokaraino jaisten zitzaion; oinutsik zihoan; abitua grisa, latza eta zenbait lekutan puntatsua zeraman. Irudi osoa hain iruditu zitzaidan bitxia, non izan nuen lehen gogoeta pintore baten bila joatea izan baitzen, margotu zezan.
Hasieran konplimendu handi bat egin zidan, eta ondoren adierazi meritu handiko gizona zela, Kaputxinoaz gain. «Esan didate jauna, erantsi zuen, laster itzultzekoa zarela kargu inportante bat daukazun Persiako gortera; zure babesaren eske natorkizu erregutuz Erregearengandik lortu diezaguzun bi edo hiru fraiderentzat etxetxo bat Casbin inguruan. — Nire Aita, esan nion, Persiara joan al nahi duzu? — Nik, jauna! esan zidan; ezta pentsatu ere. Ni hemen probintziala naiz, eta ez nuke aldatuko nire egoera Munduko beste Kaputxino guztienagatik. — E! zer deabru eskatzen didazu bada? — Begira, esan zidan, erietxe hori lortuko bagenu Italiako gure aitek hara bidaliko lukete heien arteko bizpahiru fraide. — Ezagutzen dituzu, noski, fraide hauek, esan nion. — Ez, jauna, ez ditut ezagutzen. — Eta zer arraio axola zaizu Persiara joan daitezen ala ez? Asmo ederra da bi kaputxinoei Casbin-go airea arnas harraraztea! hori oso ongarria litzaioke bai Europari eta bai Asiari; horretan interesatu behar dira monarkak! Hona deitzen direnak kolonia pollitak! Zoazte! Ez zu eta ez zure berdinek ez duzue deus balio ezta lekuz aldatuak izateko, eta ongi egingo zenukete arrastaka jarraituz jaio zineten herrialdeetan.
Parisen,
1713ko Rhamazan-en ilargiaren 15ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu