XLVIII GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri
Sekulan ez daude geldirik ikas-mina dutenak: adibidez, ni beti nago lanez beteta ez eduki arren eskuartean arazo garrantzitsurik. Nire bizitza aztertzen igarotzen dut; arratsaldero egunean zehar entzundakoaz, ikusitakoaz eta oharturikoaz idazten dut. Denak du interesa niretzat eta denak harritzen nau: zatiak oraindik samur dituen eta gauzarik ñimiñoenak mindu dezakeen haur baten antzekoa naiz.
Agian ez duzu sinetsiko: oso harrera ona ematen digute konpainia eta elkarte guztietan; nik uste, Rica-ren eite bizi eta alaitasun naturala dela kausa, bultzatzen duenak mundu guztia bilatzera eta alderantziz. Daukagun arrotz itxurak ez du jada inor harritzen; eta ongi heziak garela erakustean sortzen dugun harriduraz gozatzen ari gara; frantsesek ez baitute uste gure lurraldean gizonik eman daitekeenik. Halere, aitortu beharrean nago merezi duela bere uste okerra ken diezaiogun.
Paris inguruko landetxe batean eman ditut zenbait egun bere etxean konpainia izatea izugarri maite duen gizon errespetagarri batekin. Andere txit atsegina du, apal eta alaia, azken dohain hau Persiako gure andereei bizitza erretiratuak kentzen diena.
Arrotz izanik, ez nuen beste egiteko hoberik eta hara eten gabe iristen ziren eta beti zerbait berri zekarkidan jende multzoa aztertzen egon naiz. Erreparatu nuen lehenik oso atsegin zitzaidan sinpletasunez betea zen gizon batengan; eta bereganatu nintzaion, eta hera niganatu zen, beti elkarren ondoan suertatzen ginelarik.
Jende asko zegoen egun batean eta aparte ginela berriketa jeneraletik: «Zuk nigan agian, esan nion, adeitasuna baino kuriositate gehiago aurkituko duzu; baina barkatuko didazu galdera batzuek egiten badizkizut eta erantzunak eskatzen: mintzen bainaiz ez jakiteaz zertaz ari diren, eta ezagutu ezin dudan jendearekin bizitzeaz. Badu bi egun nire burua dabilela lanean: ez da gizon hauetarik bat ere berrehun aldiz kezkatu ez nauenik eta mila urtetan ez nuke asmatzea lortuko: eta gure monarka handiaren andereak baino ikusi ezinago zaizkit. — Galdetzea besterik ez duzu, erantzun zidan, eta nahi duzunaren gainean heziko zaitut; areago oraindik, pentsatzen dudanez gizon isila zarela eta nire konfiantzaz ez duzula abusatuko.»
«Nor da, galdetu nion, handiei emandako gonbiteez hainbeste hitz egin digun gizon hori, dukeekin hain arrunta dena, eta esan didatenez oso eskuragaitz diren zuen ministroekin hain maiz mintzo dena? Kalitatezko gizona behar du izan noski; baina hain du itxura desegokia, non ez dituen bere klasekoak inolaz ere ohoratzen, eta bestetik, ez diot batere heziketarik aurkitzen. Ni arrotza naiz; baina badirudit nazio guztietan berdintsua den heziketa on bat badela; eta horren izpirik ere ez diot antzematen. Zuen kalitatezko jendeak akaso besteak baino hezkaitzagoak ote dira? — Gizon hau, erantzun zidan barrez, zerga biltzailea da. Hainbat gora da besteen parean aberastasunez, zenbat behera den jaiotzez. Pariseko mahairik hoberena berea litzateke etxean berak sekulan jango ez balu. Aski lotsagabea da, ikusten duzunez; baina sukaldaririk onena du. Eta ez da batere eskergaiztoa, egun osoan goraipatzen entzungo duzu eta.»
«Eta andere hark bere aldamenean eserarazi duen beltzez jantzitako gizon lodi horrek, esan nion, nola darama hain jantzi iluna halako irudi alaia eta kolore gorrixta duelarik? Irri grazios bat duena mintzatzen zaionean; zuen andereen apaindura hain apalagoa daraman arren zainduagoa daukana? — Sermolari bat da, erantzun zidan, eta oraindik okerrago dena, arima zuzendaria. Ikusten duzunez senarrek baino gehiago daki. Andereen ahulezia ezagutzen du; eta hauek ere ezagutzen dute harena. — Nola? esan nuen. Beti dago eta grazia deitzen duen gauza baten gainean hitz egiten.— Ez beti, erantzun zidan. Emakume ederren belarrietara oraindik gusturago mintzo da eta heien erorketaz. Jendaurrean suak eta garrak botatzen ditu, baina partikularrean bildots bat bezain eztia da. — Iruditzen zait, esan nuen, oso miretsia eta preziatua dela. — Nola? Preziatua dela? Behar-beharrezkoa da; bizitza erretiratuaren eztia egiten du eta bere aholkutxo, zerbitzu, bisita seinalatuekin inork baino hobeto sendatzen ditu buruko minak; benetan berezia da.»
«Baina, ez badizut nekatzen, esadazu nor den hain gaizki jantzia dagoen eta halako keinuak eta hizkera berezia duena eta gure aurrez aurre dagoen hura; ez duenak adimenik hitz egiteko, eta dirudienez adimena izatearren mintzo dena? — Hori, esan zidan, poeta bat da, Gizarteak duen sasi-gizona. Hauek diotenez, diren bezalakoak jaio dira. Hori egia da, alegia, bizitza guztian halakoxeak izango direla, hau da, gizon guztien artean irrigarrienak. Horregatik inori ez zaizkio bost axola, mespretxuz betetzen dituztelarik besteek. Goseak sarrarazi du gizon hori etxe honetan, eta etxeko jaun-andreek harrera ona egin diote, ez baitute inor bereizten beren ontasunean eta kortesian. Ezkondu zirenean eztei-kantu bat idatzi zien. Bere bizitzan egin duen gauzarik onena: iragartzen zuen bezain zoriontsu irten baita ezkontza.»
Ez duzu sinetsiko agian, erantsi zuen, burugogorturik zaudenez Ekialdeko aurreiritziekin: gure artean ezkontza zoriontsuak eta bertutea zaindari latz duten emazteak ere badira. Hautsi ezin den bake batez gozatzen dute aipatzen ditudan hauek; mundu guztiak maite eta estimatzen ditu. Ez dute huts bat baizik: eta da, berezkoa duten ontasuna dela kausa, edonor sartzen dela beren etxaldean; horrela noizbehinka topatzen dituzularik desiragarri ez direnak. Hauek nik ez ditut gaitzesten: den bezalakoa onartu behar baita konpainia; maiz lagunarte hoberena bezala kontsideratzen duguna ez da biziorik finenak dituena baizik, eta agian pozoinaren antzekoa da, finena izanik arriskutsuena bera baita.»
Eta halako itxura gaiztoa duen agure hau? ahopeka esan nion. Hasieran arrotza zela uste nuen, besteengandik ezberdin baitoa jantzirik, Frantzian egiten den dena gaitzesten du eta ez du onartzen zuen gobernua. — Gudari zahar bat da, esan zidan, ez du inork ahanzten kontatzen dituen eta amaiezinak diren azainak medio. Ezin paira dezake bera egon ez den eta Frantziak irabazi duen batailarik, ez eta laudatzen den eta berak defendatu ez duen lezoinik. Hain uste du dela beharrezko gure historian, non beretzat hau bera bukatzen den unean amaitzen den, sufritu dituen zenbait zauri Monarkiaren desegitea balira bezala kontsideratzen dituen, eta, egun egunekoa soilik dasta dezakegun eta iragana ez dela deus dioten filosofoen iritzien kontra, bera ez den laketzen iraganarekin baizik, eta ez den bizi ez bada egin dituen gerrateetan: eta joandako denboretan islatzen dituen nola izanen diren etorkizuneko heroien bizitzak. — Baina zergatik, esan nuen, utzi du zerbitzua? — Ez du utzi, erantzun zidan; alderantziz, zerbitzuak utzi du bera: gelditzen zaizkion egunak pasatzeko lekutxo bat eman zaio, hemen bere abenturak konta ditzan; baina ez da sekula urrunago joango: ohoreen bidea itxirik dauka. — Eta zergatik? esan nion. — Guk badaukagu ohitura bat Frantzian, erantzun zidan: eta da inoiz ez ematekoa goiko mandorik azpiko ofizioetan akitu denari. Kontsideratzen baititugu detaile ttipietan unaturiko gizonak bezala, eta txikikerien eraginez gauza ez direnak goragokoak behar bezala burutzen. Uste dugu hogeita hamar urtetako gizon batek ez badu jeneral baten kalitaterik, ez duela izango sekula; begirada batez gai ez dena legoa zenbaiteko lurraldea ikertzekoa bere egoera ezberdin guztietan, adimen zorrotz honetaz baliatuz garaipenaren alde on guztiez baliatzeko, eta porrotaldi batean dituen medioez, ez dituela inoiz talentu hauek lortuko. Horregatik gordetzen ditugu kargu distirant horiek Zeruak ez bakarrik bihotz handi batez, baizik eta jenio harrigarri batez hornitu dituen gizonentzat, eta beheko karguak halako talentuak dutenentzat. Halakoxeak dira gerra ilun batean zaharkituak: ez baitira gauza izanen bere bizitza guztian egin ez dutena burutzeko, eta ez dagokie kargu handiagorik ematea indarrak ahultzen ari zaizkienean prexixo.»
Berehala jakin-minak hartu ninduen eta esan nion: «Benetan hitza ematen dizut ez dizudala galdera gehiago egingo, oraindik beste hau sufritzeko prest bazaude. Nor da gazte garai hura, ileduna, adimen eskasekoa eta hain desegokia dena? Zergatik mintzo da besteak baino gorago eta hain harro dago bere buruarekin? — Gortesau bat da», erantzun zidan. Hitz hauen ondoren batzuek sartu eta besteak irten, denak altxatu ziren; norbait nire aitorensemearekin hasi zen hizketan eta lehen bezala tutik ere entenditu gabe gelditu nintzen. Baina une bat geroxeago, ez dakit zergatik, gazte hau nire ondoan neukan galdetzen zidalarik: «Hau eguraldi ona, jauna, nahiko zenuke lorategian ibilalditxo bat eman?» Ahal nuen bezain korteski erantzun nion, eta elkarrekin irten ginen. «Landetxera etorria naiz, esan zidan, ongi ikusten nauen etxekoandreari plazer ematearren. Izanen da noski damaren bat haserretuko denik. Baina zer egin dezaket? Pariseko neskatxarik ederrenak bisitatzen ditut; baina ez naiz inorekin lotzen, zeren, hemen gu bion artean, ez dudan gauza handirik balio. — Behar bada, Jauna, esan nion, kargu edo egitekoren bat izanen duzu uzten ez dizuna bisitak maizago egiten. — Ez, Jauna, senarren bat haserre araztea edo aitaren bat desesperatzea da nire ofizio bakarra; gehien laket zaidana da, sosegua galaraztea, naukala uste duen andereari, ni galtzeko zorian ipintzea. Bagara gazte batzuek horrela Paris osoa zalantzan dabilkigunak eta gure pausutan interesarazten. — Entenditzen dudanaren arabera, esan nion, gudari balienteenak baino herots handiagoa ateratzen duzu eta lege-gizonik kontsideratuena baino estimatuagoa zara. Persian bazeunde, ez zenuke horrelako abantailarik izanen: eta gure damen zaindari eta ez plazer emaile bilakatuko zintuzkegu.» Sutan jarri nintzen, haserreak hartuta eta uste dut elkarrizketak segitu bazuen gauza desegokirik esanen niola.
Zer iruditzen zaizu horrelako jendeak eta horrelako ofizioa daukan gizona onartzen dituen herrialdea? fidelitate eza, traizioa, bahiketa, fede gaixtoa eta injustiziak kontsideraziora zuzentzen duten lurra? aitari alaba osten diolako, senarrari emaztea, eta elkarte eztien eta sainduenak nahasten dituelako gizon bat estimatzen duena? Zoriontsuak beren familiak ahalketik eta liluramendutik zaintzen dituzten Hali-ren semeak! Ez da egunaren argia gure emazteen bihotzetan distiratzen duen sua baino aratzagoa; gure alabak dardarez baizik ez dute pentsatzen Aingeruen eta soingabeko Botereen berdinak bilakatzen dituen bertutea galdu behar duten unea. Eguzkiak lehen printzak jaurtikitzen dituen Sorterri maitea, ez zara Mendebalde beltzean ageri unetik izar hau gordetzera bultzatzen duten gaiztakeria higuingarriez inoiz lohitua izan!
Parisen,
1713ko Rhamazan-en ilargiaren 5ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu