XLVI GUTUNA
USBEK-ek VENEZIA-n dagoen RHEDI-ri
Hemen etengabe erlijioaren gainean disputan ari direla ikusten dut; baina era berean badirudit nork gutxiena bete ahalegintzen direla.
Eta gehiena ukitzen nauen kontua da, ez bakarrik ez direla kristau onak, baizik eta ez direla hiritar on: edozein erlijiotan bizi dela edonor, legeekiko errespetua, gizonen arteko maitasuna, gurasoenganako pietatea erlijioaren lehen ekintzak baitira.
Hala bada, erlijioa gordetzen duen gizonaren lehen helburua, ez al da berak jarraitzen dion erlijioaren Jainkotasunari laketzea? Baina hura lortzeko biderik ziurrena dudarik gabe giza arauak eta gizartearen egitekoak betetzea da: zeren, nahi den erlijioan bizirik ere, eman dezagun bat, edozein, jo beharko den horretan ere Jainkoak gizonak maite dituela; erlijioa zoriontsu izan daitezen eraiki duenez; gizonak onesten baditu, ziur gaude laket izanen zaiola ere berauek oniriztea, karitateak eta giza legeak beraiekiko agintzen dituen eginbideak oro beteaz, oinarritzen dituzten legeak punturik ñimiñoenean ere hautsi gabe.
Jainkoa agradatzeko segurtasun gehiago dago honekin, ez zeremonia horrekin edo bestearekin baino; berez ez baitute zeremoniek ontasunik; eta soil-soilik on diratekeen, Jainkoak manatu bailituen ustean eta errespetuan. Baina eztabaida sakon baten gaia da hori; erraz tronpa daiteke bertan gainera; ezen erlijio baten zeremoniak bi milatakoen artean hautatu behar izaten diren.
Gizon batek egunero otoitz hauxe zuzentzen zion Jainkoari: «Jauna, ez ditut deus ere entenditzen zu zarela medio eten gabe egiten diren eztabaidak. Zure borondatearen arabera zerbitzatu nahi zintuzket, baina aholku eske hurbiltzen natzaion gizon bakoitzak berea zerbitza dezadan nahi du. Nire otoitza egin nahi dizudanean ez dakit zein hizkuntzatan egin behar dizudan. Ezta ere zein modutan behar dudan egon: batek esaten dit zutik behar dizudala errezatu, besteak eserita; honek belauniko. Ez da dena: nork goizero ur hotzez xahu nendin nahi luke; nork haragi zatiño bat ez badiot nire gorputzari kentzen, lazki behatuko nauzula. Lehengo egun batean untxia jatea suertatu zitzaidan desertuko karabana ostatu batean. Han inguruan zeuden hiru gizonek izuarazi ninduten: astunki ofentsatu zintudala zioten oihuka hirurok; batek abere hau lohia delako; besteak itorik zegoelako; hirugarrenak arraina ez zelako. Handik pasatzen ari zen eta nik epailetzat hartu nuen Brahman batek esan zidan: «Oker dabiltza hirurak; zeren, ez dirudien zuk duzunik animalia hil. — Bai, erantzun nion. — A! orduan zure ekintza higuingarria da eta Jainkoak ez dizu sekulan barkatuko, esan zidan ahots garratz batez. Nola jakin dezakegu zure aitaren arima ez zela iragan pizti horretara?» Honako istorio guztiok, Jauna, adierazi ezinezko duda-mudatan ezartzen naute; ez dezaket buru punta mugi zu ofentsatzeko beldurrez; baina zu agradatzeko irrikatan nago eta horretan zuregandik daukadan bizia ezartzeko prest. Ez dakit engainatzen naizen; baina nire ustea da, horretara iristeko jaioarazi nauzun gizartean, hiritar zintzo bezala eta eman didazun familian, guraso on gisara bizitzea dela biderik zuzenena.
Parisen,
1713ko Chahban-en ilargiaren 8an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu