XLV GUTUNA
RICA-k XX-n dagoen USBEK-i
Atzo goizean ohean nentzala nire atea bortizki joka entzun nuen, berehala ireki edo hobe esan bota zuen nirekin tratuak izan zituen batek, zein bere onetik aterata balegoen bezala iruditu zitzaidan.
Bere janzkera apala baino apalagoa zen, ile-faltsua trabesean ipinita, orraztu gabea; ez zuen astirik ere hartu bere soineko beltza lotzeko eta egun honetakoz uko egina zion janzkeraren itxuragabea disimulatzeari.
«Jaiki, esan zidan, zure beharrean nago gaur: hamaika erosketa egin behar ditut eta zurekin burutu nahi nituzke. Lehen-lehenik Saint-Honoré karrikara goazen bost ehun mila libera balio dituen lurra saltzeaz arduratzen den notari batekin mintzatzera; lehentasuna eman diezadan nahi dut eta. Hona nentorrela Saint-Germain-go auzoan gelditu naiz une batez bi mila ezkututan alokatzearren etxe handi bat eta kontratua gaur zinatzea espero dut.»
Oraindik janzten bukatzen ari nintzela gizon honek presaka bota ninduen kalera. «Has gaitezen, esan zuen, karrosa bat erosiz, eta ezar dezagun bertan tresneria.«Halaxe egin genuen eta ez genuen bakarrik karrosa bat erosi ordu baten buruan, ehun mila libera balio zuen marxandisa ere erosia baikenuen. Hau dena arin egin zen, nire gizonak ez baitzuen deus eren traturik eztabaidatzen, ez eta kontatzen inoiz; ez zuen ere ezer tokiz aldatzen. Jokaera hark hamaika burutazio sorrarazten zidan, eta gizon hura aztertzen nuenean, halako aberastasun eta pobreziaren nahastea ikusten nuen haren baitan ez nekiela zer sinetsi. Baina azkenean isiltasuna hautsiz eta alde batera eramanez esan nion: «Jauna, nork ordainduko du guzti hori? — Nik, erantzun zidan. Zatoz nire gelara eta ikusiko ditugu altxor neurrigabeak eta monarka handienek inbidia ditzaketen aberastasunak: baina ez, zuk ez duzu inbidiarik pasa beharko nirekin gozatuko dituzu eta.» Jarraiki nintzaion. Bosgarren estaiara igo ginen, eta handik eskailera batez lau haizetara irekita zegoen seigarrenera, non ez zegoen likore ezberdinez betetako buztinezko bizpahiru dozena ontzi baizik. —Goizean goiz jaikia nauzu eta lehenik azken hogeita bost urteotan egin dudana egin dut, hau da nire obra bisitatzera joan nauzu. Ohartu naiz Lurrean den gizonik aberatsena baino aberatsago bilakatu nauen eguna iritsia zela. Likore gorrixka hori ikusten duzu? Metalak aldatzeko filosofoek eskatzen dituzten kalitate guztiak betetzen ditu. Begiratzen ditugun, beren kolorez urrea baina astunez zertxobait eskasago diren bihi horiek, bertatik aterata ditut. Nicolas Flamel-ek ediren zuen sekretu hau, baina Raimon Lull-ek eta beste miloi batek egunero bilatu zutena niregana iritsi da eta orain zoriontsu sentitzen nauzu argien kide gisara. Zeruak nahi beza komunikatu dizkidan hainbeste altxor bere loriarako soilik daitezen!»
Irten eta jaitsi nintzen, edo hobe esan, eskailera haietarik jaurtiki nuen burua haserrez amorratua, eta utzi nuen hain aberatsa zen gizon hura bere ospitalean.
Agur, nire Usbek maitea. Bihar ikusiko zaitut, eta nahi baduzu elkarrekin itzuliko gara Parisera.
Parisen,
1713ko Rhegeb-en ilargiaren azkenean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu