XLII GUTUNA

PHARAN-ek bere jaun soberanoa den USBEK-i

 

        Hemen bazeunde, jaun guztiz ona, paper xuriz estalia agertuko nintzaizuke, eta ez litzateke aski joan zinenez gero gizon guztien artean gaiztoena den zure lehen eunuko beltzak egin dizkidan irainak oro idazteko.

        Bere nortasunaren zorigaitzaz egin omen ditudan irrien aitzakian, nirekiko mendekio ezin asea darabil: zure irteeraz geroztik lan akigarrietan unatzen nauen zure lorategietako buru krudela nire kontra jarri du, eta mila aldiz bizia galzorian ikusi dut inoiz zu zerbitzatzeko gogo bizia ez galdu arren. Zenbat aldiz ez ote dut nire baitan esan: «Eztiz beteriko jabea izaki eta Lur honetan daitekeen esklaborik dohakabeena izatea!»

        Aitortzen dizut, Jaun guztiz ona, ez nuela uste ene zorigaitza honaino iritsi zitekeenik; Nina eunuko traidore hori bere gaiztakeriaren gailurrera iritsi da. Duela egun gutxi, bere aginte hutsez zure andere sakratuen zaindari izan nendin erabaki zuen, alegia, niretzat heriotza baino mila aldiz krudelago litzatekeenera. Jaiotzerakoan beren guraso krudelengandik halako tratuaren zorigaitza sufritu behar izan dutenak, agian bere estatuaz besterik bizitzan ez ezagutuaz kontsola daitezke, baina gizatasuna kenduko balidate eta honen gabetzearekin batera ez banintz hilko, basakeria horretan dolorez hilen nintzateke.

        Zure oinak besarkatzen ditut, Jaun guztiz ona, benetako umildadeaz. Hain errespetagarria den bertuteari dagokiona egizu, eta ez dadila esan zure aginduz Lur honetan malerus bat gehiago denik.

Fatmé-ko lorategietatik,
1713ko Maharram-en ilargiaren 7an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia