XLI GUTUNA

LEHEN EUNUKO BELTZA-k USBEK-i

 

        Ismael, zure eunuko beltzetarik bat hil berria da, Jaun txit gorena, eta honen ordez beste bat ipini beharrean aurkitu naiz. Egun, guztiz bakanak direnez eunukoak, pentsatu nuen landan zeneukan esklabo batez zerbitzatzea; baina ez dut oraingoz lortu lan postu honetarako presta dadin. Azken finean bere onerako besterik ez denez, lehengo egunean nahi izan nuen garraztasun zertxobait harekin erabili, eta zure baratzezainen buruarekin bat agindu nuen haren nahiaren kontra, zure bihotza gehiena preziatzen duten zerbitzuak egiteko moduan ezar zezaten, eta ni bezala bizi ahal izateko, behatzera ere ausartzen ez den egoitza beldurgarri honetan. Baina garrasika hasi zen larrutuko balute bezala, eta halako indarrez kontra aritu zen ezinbesteko aiztotik libratu zela. Esan didatenez grazia eskatuz idatzi nahi dizu, argudiatuz nitaz egin dituen trufa min batzuengatik nahi dudala desio ase-ezinez bengantza burutu. Baina zin degizut, ehun mila Profeten izenean, ez dudala obratu zure zerbitzuaren onarengatik baizik, onesten dudan gauza bakarra baita hori, eta hortaz kanpo deusek ez baitit axola.

        Zure belaunetan natza.

Fatmé-ko anderenetik,
1713ko Maharram-en ilargiaren 7an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia