XL GUTUNA

USBEK-ek SMYRNE-n dagoen IBBEN-i

 

        Handi bat hiltzen den une beretik meskitan biltzen dira eta hileta otoitza egiten diote, bere laudoriotan den hitzaldia, zeinen arabera hilaren merituak zehazki ezagutzea zail litzatekeen.

        Nik ehortze zeremoniak kendu nahi nituzke: jaiotzan eta ez heriotzan egin behar baita negar gizonengatik. Zertarako balio dizkiote hil zorian dagoenari bista aurrean ageri zaizkion zeremonia eta heriotza-berriketa guztiek, bere familiaren malkoek, lagunen doloreek, galtzera doana handiesteko baizik?

        Hain gara itsu, ezen ez dakigun noiz behar dugun atsekabetu eta noiz alaitu, eta ia beti ditugun tristurak eta bozkarioak faltsuak diren.

        Ikusten dudanean urtero Mogola balantza baten gainera ergelki igotzen eta idi bat bezala pisatzen, ikusten ditudanean herri hauek printzea loditu delako alaitzen, alegia, gobernatzeko gaitasun gutxiagorekin, erruki dut, Ibben, giza zoramenaz.

Parisen,
1713ko Rhegeb-en ilargiaren 20an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia