XXXIX GUTUNA
HAGI IBBI-k SMYRNE-n dagoen
BEN JOSUE judu konbertitu-berri mahometanoari
Uste dut, Ben Josue, beti ematen ohi direla gizon ez arrunten jaiotza iragartzen duten ikur txit argiak, Naturak krisi antzekoa pairatze bidean balego, eta zeruko Botereak kostata bakarrik sortu ahal baleza bezala.
Gertatu izan den gauzarik miresgarriena Mahomaren jaiotza da. Jainkoak, bere probidentziaren arabera erabaki zuen hasieratik Profeta handi hura gizonei bidaltzea, Satan katea lezan, Adam baino bi mila une lehenago hautaturik hautatura iraganez, Mahomaren arbasotik arbasora, azkenean beragana Patriarken ondorio eta benetako lekuko gisara zela adierazteko argi bat sortu zuen.
Profeta beragatik Jainkoak nahi izan zuen egun hartan haurrik kontzebitu ez zedin, andereak lohi izateari utzi ziezaion, eta gizonak ebakitza ez zezan sufritu.
Zirkunzisionearen seinalearekin munduratu zen eta bere begitartean alaitasuna jaiotze une beretik ageri zen. Lurra hiru aldiz ikaratu zen, beraxek erdi izan balu bezala; idola guztiak ahuspez jarri ziren, erregeen tronuak ziren erori. Luzifer itsas ondora jaurtikia izan zen, eta berrogei egun igeri egin ondoren leizetik jalgi zen, eta Cabes mendira ihesi joan zen, nondik ahots ikaragarri batez Aingeruak deitu zituen.
Gau honetan Jainkoak mugarri bat ezarri zuen gizona eta anderearen artean, bietarik inork hautsi ez zezakeena. Majizien eta hil-aztien antzea bertuterik gabe gelditu zen. Zerutik jaisten zen ahots baten hitz hauek entzun ziren: «Nire adiskide zintzoa Mundura igorri dut.»
Isben Aben historialariak dioen bezala, txori, hodei, haize eta Aingeru oste-mosteak oro bildu ziren nor gehiagokan haur hau haztearren. Txoriek beren txorrotxioetan ziotenez, erosoagoa gertatuko zitzaien beraiei haztea, errazago zitzaielako leku ezberdinetako fruituak biltzea. Haizeek murmurioka esaten zuten: «Guri dagokigu hori, geuk ekar baitiezaiokegu txoko urrunenetarik usainik gozoenak», — «Ez, ez, erantzuten zuten hodeiek, gurea da arta, geuk eginen baitiogu une orotan uren freskuraren partale.» Orduan Aingeruek haserre esan zuten: «Zer gelditzen zaigu guri, beraz?» Baina aharra guztiak isilarazi zituen zerutik jaitsitako ahots bat entzun zen: «Ez da hilkorren eskuetarik irtengo, zorioneko izanen baitira esnea emango dioten ditiak, ukituko duten eskuak, biziko den etxea eta pausatuko duen ohea.»
Hainbeste ageri harrigarrien ondoren, ene Josue maitea, burdinazko bihotza behar da haren lege sainduan ez sinesteko. Zer egin zezakeen gehiago Zeruak haren eginbide zerutiarra zilegiztatzeko, natura aldatzeko arriskuan eta konbentziarazi nahi zituen gizonak berak galtzeko zorian ipini gabe?
Parisen,
1713ko Rhegeb-en ilargiaren 20an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu