XXXVIII GUTUNA
RICA-k SMYRNE-n dagoen IBBEN-i
Arazo handia da gizonen artean jakitea ea komenigarriagoa den andereei askatasuna kentzea ala ematea; eta badirudit hala baterako nola besterako aski arrazoin badela. Europarrek esaten badute ez dagokiela bihotz handiei maite dutena malerus bilakatzea, gure asiarrek aldiz, bihotz ergelei soilik otutzen omen zaiela Naturak andereen gain emandako botereari uko egitea. Esaten bazaie halako emakume multzoak preso edukitzea txit trabagarri dela, erantzuten dute esanez, obeditzen duten hamar anderek desobeditzen duen batek harro traba gutxiago ematen duela. Halaber hauek argudiatzen badiete Europarrei ezinezkoa izanen zitzaiela zoriontsu izatea fidelak ez zaizkien andereekin, erantzungo diete, hainbeste laudatzen duten fidelitate horrek pasio asearen ondorioa den herra ez duela galarazten: gure andereak gehiegixko direla gure; hain lasaia den jabetzak ez diola lekurik uzten ez desioari, ez eta beldurrari; eta lausenkeria pittin bat usteldura galarazten eta mintzen duen gatzaren antzekoa dela. Badaiteke ni baino gizon zuhurrago bat erabakia hartze unean oztopaturik sentitzea; zeren, asiarrek ongi egiten badute beren kezkak isilarazteko bitarteko propioak bilatzen, europarrek eraberetsu ongi egiten duten deusen zalantzarik ez edukitzean.
Dena den, diote, senar gisara zorigaiztoko suertatuko bagina, beti edirenen genuke medioren bat maitale gisara ordaina bilatzean. Gizon bat arrazoiz anderearen fideltasun ezaz kexatzeko, hiru pertsona besterik ez litzateke behar Munduan, ezen errebantxa bailukeen lau balira.
Beste kontua da jakitea, ea Naturaren legeak gizonen menpe ezartzen ote dituen andereak. «Ez, esaten zidan lehengo egunean filosofo txit damazale batek, sekulan ez du Naturak horrelako Legerik ezarri. Beraiengan dugun agintea benetako tirania da; eta hartzen utzi digute gu baino anitz eztiago direlako, eta beraz, gizatasun eta buru azkarragoak dituztelako. Dohain hauek gailentasuna eman beharko liekete, gu adimentsu bagina, eta kendu egin diegu, aldiz, halaxe ez garelako. Ezen, egia izan arren andereen gainean dugun agintea tiraniazkoa dela, ez den egia ttipiagoa beraiek naturazko boterea gu baitan daukatela: inork ukatu ezinezko ederrarena, alegia. Gurea ez da herrialde guztietakoa, baina edertasunarena unibertsala da. Zergatik beharko genuke abantailarik? Bortitzenak garelako? Baina hori benetako injustizia litzateke. Era orotariko bitartekoz baliatzen gara heien kuraia kentzeko; indarrak berdinduak leudeke heziketa ere halakoxea balitz. Froga ditzagun heziketak ahuldu ez dituen talentuetan eta ikusiko dugu gu hain gai garen.»
Aitortu beharra dago, gure ohituren kontra doan arren: herrialde hezienetan andereek beti izan ohi dute beren gizonen gain aginte. Egiptoarren artean lege batek ezarri zuen, Isis-en ohoretan, eta Babiloniarren artean Semirarnis-en ohoretan beste batek. Ziotenez, nazio guztien boro ziren erromatarrek beren emazteak obeditzen zituzten. Eta ez naiz mintzatuko Sauromatarrez, hauek benetan andereen esklabo baitziren: barbaroegi ziren aipatzeko ere.
Ikusten duzu, nire Ibben maitea, iritzi ez arruntak eta dena paradoxatan adieraztea maite duen herrialde hau gero eta gogokoago dudala. Profetak erabakia du auzia eta har-emeen eskubideak arauturik dauzka: «Andereek, dio, beren senarrak ohoratu behar dituzte; halaber senarrek beren emazteak: baina hauek baino gradu bat gehiago dute».
Parisen,
1713ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 26an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu