XXXVII GUTUNA
USBEK-ek SMYRNE-n dagoen IBBEN-i
Frantziako erregea zaharra da. Gure erregeen istorioetan ez da ageri inor hain luzaro erreginatu duenik. Diotenez, obeditua izateko talentu gradu handi batez horniturik dago. Eite beraz gobernatzen ditu Familia, Gortea eta Estatua. Maiz entzun ohi zaio, gogozkoen lukeen Munduko gobernua gure txit goren sultanarena edo Turkoena litzaiokeela, hainbat maite baitu ekialdeko politika.
Duen nortasuna aztertu dut eta erabaki ezinak zaizkidan kontraesanak aurkitu. Adibidez: bada ministro bat hemezortzi urte besterik ez duena, eta laurogei urte duen amorante bat; erlijioa maite du baina ezin sufritu ditu zuzentasun osoz bete behar dela esaten dutenak; hirietako zaratatik ihesi dabilen eta gutti mintzo den arren, goiz-goizetik arratseraino bere buruaz baizen mintza ez dadin arduratzen da; trofeoak eta garai-ikurrak maite ditu baina hainbat beldur du ikusiz jeneral on bat bere gudarosteen buruan zenbat armada etsai baten buru. Ez zaio inori, nire ustez, sekula gertatu berari baizik inoiz printze batek espero zezakeen baino aberastasun gehiagoz horniturik egotea eta era berean pertsona arrunt batek paira ezinezko pobreziaz ukiturik izatea.
Laket zaio zerbitzariak sariztatzea; baina eskuzabala bada bere gortesauen presentziekin, hobe esan, alferkeriekin, berdin gerrate latzak pairatzen dituzten bere kapitainekin. Eta maiz nahiago izaten du eranzten laguntzen dion gizona edo mahaian dagoenean zerbileta luzatzen diona hiriak edota batailak irabazten dizkiona baino. Ez du uste mugarik ezarri behar zaionik soberanoaren liberaltasunari grazien banaketan, eta, aztertu gabe ongiez hornitzen duena merituzko gizona den ala ez, uste du bere aukerak halako bilakatzen duela: modu berean ikusi izan zaio pentsiotxo bat ematen bi legoa ihes egin duenari eta lau ihes egindakoari gobernu eder bat.
Txit handia da, batik bat bere eraikuntzetan; bere jauregiko lorategietan estatua gehiago dago, hiri handi batean hiritarrak baino. Bere zaindaritza tronu guztiek errespetatzen duten printzearena bezain indartsua da. Bere armadak ugariak, bitartekoak oparoak eta finantzak agortezinak dira.
Parisen,
1713ko Maharram-en ilargiaren 7an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu