XXXVI GUTUNA

USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri

 

        Kafea oso gogokoa dute Parisen: banatzen duten etxe publiko pila badago. Hauetariko batzuetan, albisteak kontatzen dituzte: bestetan xakean jokatzen. Batean hain da berezia prestatzen duten kafea, non edaten dutenak argiz eta graziez janzten diren; bederen irteten direnetik ez da inor sartutakoan baino halako hamaika balio duela uste ez duenik.

        Baina sasi jakintsu hauetarik gehien ernegatzen nauena da, beren sorterria ez dutela ezertan zerbitzatzen eta beren talentuak haurkeriatan galtzen dituztela. Adibidez, Parisera iritsi nintzenean irudika daitekeen eztabaidarik ñimiñoenean berotuta aurkitu nituen: Greziako poeta zahar baten inguruan zebilen sesioa, honen sorterria eta heriotza-garaia ezezagunak zirelarik. Bi taldeek poeta paregabea zela aitortzen zuten: ez zen bada eztabaidatzen zor zitzaizkion merituen gora-beherez. Bakoitzak haren balioa neurtu nahi zuen; baina ospe banatzaile hauen artean, batzuek besteek baino neurketa hobeagoa egiten zuten. Hona eztabaida! Oso bizirik zegoen: batetik eta bestetik hain ziren sutsu elkarri botatzen zizkioten irain latzak eta irri garratzak, ezen gehiago txunditzen ninduen eztabaidatzeko moldeak sesio gaiak baino. «Alajaina, nioen nire baitan, inor ausartuko balitz poeta greziar horren defendatzaile aurrean hiritar zintzo baten ospea asaldatzera, ez litzateke ongi libratuko, eta uste dut hilen ohorearen aldeko horrelako grina, biziena zaintzen askoz gehiago biztuko litzatekeela. Baina, dena den, segitzen nuen, Jainkoak salba nazala beti poeta honen zentsoreen etsaigotik, hilobiko bi mila urteren egonaldiak aske utzi ez dituenez ezin eztituzko halako herraz! Aldearen kontra ari dira orain kolpeka. Baina zer gertatuko litzateke etsaiaren presentziaz haserrea animatuko balitzaie?»

        Aipatu berri dizkizudanok hizkuntza arruntean ari dira sesioan eta liskargileen burugogorkeria eta errabia handitzen duen hizkuntza arrotz batez baliatzen diren beste disputatzaile batzuengandik berexi behar dira. Kasta honetako nahaste-borraste beltz eta lodi baten antzeko auzoak ikusten dira; bitxikeriez elikatzen dira, arrazoinamendu ilun eta ondorio faltsuz bizi. Gosez hiltzeko moduko ofizio hau, ordea, emankorra da: ikusi izan ohi da nazio oso bat herritik kasatua izan dena, itsasoak iragaiten Frantzian kokatzeko, berekin bizitzaren beharrei aurre egiteko eztabaidarako izugarrizko talentua baizen ez daramatelarik.

        Agur.

Parisen,
1713ko Zilhagé-ren ilargiaren azkenean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia