XXXV GUTUNA
USBEK-ek TAURIS-eko monastegi ospetsuan
derbitxa den bere lehengusu GEMCHID-i
Zein da zure iritzia Kiristinoez, ezin ederragoa zaren Derbitxa? Uste duzu Judizioaren egunean Turkiar fedegabeak bezala asto gisara erabiliko dituztela Juduek gainean trostan joanen direlarik Infernura? Ongi asko dakit ez direla joango Profeten egoitzara, eta Hali handia ez dela beraientzat iritsi. Baina beren herrialdean meskitarik edireiteko zorionik izan ez dutelako, uste duzu betirako zigorra merezi eta Jainkoak gaztigatuko dituela ezagutu ahal izan ez duten erlijioa praktikatzen ez dutelako? Esan diezazuket: maiz aztertu ditut Kiristinoak; galdetu izan diet jakitearren, ea gizon ororen artean ederrena zen Hali handiaren ideia izpirik bazuten eta ohartu naiz sekulan ez zutela aipatzen ere entzun.
Ez dute batere antzik gure profeta sainduek Zeruko mirarietan sinesten ez zutelako ezpataz pasarazten zituzten fedegabe haiekin; gure Profeta handiaren begitarteak argi zerutiarraz argitu zituen eta lehenago idolatriaren ilunpetan bizi ziren dohakabe haiek bezalaxe dira batez ere.
Bestalde, beraien erlijioa gertutik aztertzen badugu, gure dogmen bihiaren antzeko zerbait aurki dezakegu bertan. Denen konbertsionera prestatu nahi izana diruditen Probidentziaren sekretuak maiz miretsi izan ditut. Beren doktoreen liburu batez mintzatzen entzun dut, Poligamia garaile deituaz, non frogatzen den kiristinoei hauxe agintzen zaiela. Gure garbiketen irudia da beren bataioa; eta kiristinoak oker daude lehen garbitze horri ematen dioten indarraren kontsiderazioan, beste guztiak adina askiesten dutelarik. Beren apez eta fraideek gureek bezala egunean zazpi aldiz errezatzen dute. Gorputzaren berpiztearen medioz mila delizia dastatuko duten paradisu baten zain dira. Gu bezala barau seinalatuak dituzte, jainkoaren miserikordia bereganatzeko penitentziak. Aingeru onak gurtzen dituzte eta gaiztoez mesfidatzen dira. Jainkoak bere zerbitzarien arartekotasunaz egiten dituen mirakuluetan fede saindua daukate. Gu bezala beren merituen eskastasunez eta Jainkoaren aurrean bitartekari baten premia ohartu eta onartzen dute. Non-nahi Mahometismoa ikusten dut, inon Mahoma ez ediren arren. Dena den, Egiak beti ihes egiten du eta inguratzen duten ilunpeak zulatzen. Eta egun batean Betierekoak Lurraren gainean benetako Fededunak soilik ikusiko ditu: dena irensten duen denborak okerra ere ezabatuko; gizon guztiak harri eta zur geldituko bandera beraren pean elkar ikusteaz; dena, Legea barne, deus bilakatuko; jainkotiar ereduak Lurrari kenduz zeruko Artxiboetara eramanak izango.
Parisen,
1713ko Zilhagé-ren ilargiaren 20an
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu