XXXIV GUTUNA
RICA-k SMYRNE-n dagoen IBBEN-i
Persiako andereak Frantziakoak baino ederragoak dira, baina Frantziakoak pollitagoak. Ezinezkoa da ez maitatzea lehenak eta ez laketzea bigarrenekin: haiek eztiago eta apalagoak dira, hauek arraiago eta alaiago.
Emeak hain xarmant Persian bilakatzen dituena bertan daramaten bizitza zintzoa da: ez dute, ez jolasten, ez gau-txorien bizitza eramaten; ez dute batere ardorik edaten, ez eta ia sekulan airerik hartzen. Aitortu beharrean gaude anderenea areago dagoela egina osasunarentzat plazerentzat baino: bizi molde leun eta batere zirtorik gabea; han dena zuzenbide eta menpegoan datza; plazerak berak serioak dira eta bozkarioak apalak; eta ia beti agintearen eta menpekotasunaren seinale hezala dastatzen dira.
Persiako gizonek ez dute ere frantsesek duten alaitasuna: eta ez darie hemen sail guztietakoei nabari zaien izpiritu aske eta tankerarik.
Aski okerrago da Turkian, zeren hemen Monarkiaren sorreraz geroz, familia osoetan aitarengandik hasi eta semeekin jarraiki, inork ez baitu irririk egin.
Asiarrei seriotasun hori jendearen arteko harreman eskasetik datorkie: zeremoniak hala agindurik bakarrik ikusten baitute elkar. Adiskidetasuna, bihotzetik jalgitzen den atxikimendu ezti hori, eta hemen bizitzaren gozoa egiten duena ia ezezaguna zaie. Beste konpainia beti zain dutela beren etxeetara erretiratzen dira, nolabait esatearren, familia bakoitza bakarrik bizi da.
Egun batean honetaz mintzatzen ari nintzela herrialde honetako batekin esan zidan: «Gehien harritzen nauena zuen azturetan bihotza eta izpiritua beti beren izaera beheitiarra loturik duten esklaboekin bizitzera behartuak zaudetela ikustea da. Jende uzkur hauek Naturak emandako bertute sentimenduak ahultzen dituzte zuengan, eta, haurtzarotik jarraikiz, itotzen. Zeren, azken finean, utz itzazue aurre-iritziak. Zer itxaron daiteke, bere ohorea beste baten emazteak zaintzen ipintzen duenarengandik eta gizartean dagoen lanik miserableenaz harrotzen denaz; bere leialtasunaz duen bertute bakarra, mespretxagarri denaz, hala delarik inbidiaz, jelosiaz eta etsimenduz; har-emeez mendekantza lortu nahirik, bion zaborra baita, bortitzenak ezartzen dion menpegoa pairatzen duela, bere partetik ahulena astin dezakeenaren truk; dituen hutsune, akats eta itsuskeriatan oinarrituz bere igoeraren arrakasta; eta, beraz, duin ez delako soilik baita estimatua; dagoen ateari loturik bertako huntzak eta kakoak baino gogorrago mende erdi iraganaz banaloriatzen den lan bide desohoragarri honetaz, non nagusiarekiko jelosiaz beterik, bere xirtxilkeria guztia erabili izan duen?»
Parisen,
1713ko Zilhagé-ren ilargiaren 14ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu