XXXIII GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAn dagoen RHEDI-ri
Hain da garestia Parisen ardoa ezartzen dizkioten zergak direla kausa, ezen badirudien edari hau debekatzen duen Alcoran jainkotiarren agindua betearazi nahi dutela.
Edari honen ondorio izugarrietan pentsatzen dudan bakoitzean, Naturak gizonoi egin digun oparirik beldurgarriena bezala daukat. Zerbaitek gure erregeen bizitza eta ohorea lohitu badu, beraien neurrigabekeria izan da, beraien justizia ezaren eta bortizkeria krudelen iturri pozointsuena izan baita.
Gizonen higuingarrirako diot: Legeak gure printzeei ardoa edatea debekatzen die, eta gizatasun bera galtzeraino edaten dute, ohitura hau, alabaina, printze kiristinoei zilegi zaie, eta ez dirudi eginarazten dienik inongo gehiegikeriarik. Gizonaren adimena dena da kontraesan hutsa; gu zuzenagoak eginarazteko eta askotan errudunagoak bilakatzeko baizik balio ez duen Legearen eta aginduen kontra asaldatzen gara zirtzilkeria lizun batekin.
Baina arrazoina galarazten duen edari hau gaitzesten dudanean, ez ditut inolaz ere debekatzen alaitasuna sortarazten dituztenak. Gaitz arriskutsuenen kontra bezain arduratsu saiatu izan da ekialdeko jakituria tristeziaren kontrako erremedioak bilatzen. Europar edonori desgraziaren bat suertatzen zaionean, Seneka deitu filosofo bat irakurtzea baino kontsolamendurik ez zaio gelditzen; baina Asiarrek, hauek baino zentzudunagoak eta sendagile hobeagoak direnez, animoa altxa eta penak uxatzen dituzten edariak hartzen dituzte.
Ez dago gauza bihotz erdiragarriagorik nola gaitzaren nahita ezkotasunetik, erremedioen alferrikakotasunetik, fatutik, Probidentziaren ordenatik eta gizatasunaren zorigaiztotik ateratako kontsolamendua. Miserable jaio ginela esanez gaitz bat gozatu nahi izatea burla egitea da. Hobe da burutazio hauetatik adimena urruntzea eta gizona gogo huts bezala hartu beharrean haragizkoa kontsideratzea.
Arima gorputzari loturik dagoen bitartean, honek eten gabe zapaltzen du. Odolaren higidura mantsoegia bada: izpirituak ez badaude behar bezain garbiak; ez badira aski: penek eta tristeziak jaten gaituzte. Baina gorputzaldi hau alda dezaketen edariak hartzen baditugu, gure adimena alai dezaketen inpresioak errezibitzeko gaitzen dugu, eta plazer ezkutu bat sentitzen du ohartzerakoan nola bere makinak, nolazpait esateko, bizia eta higidura hartzen duen.
Parisen,
1713ko Zilcadé-ren ilargiaren 25ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu