XXXII GUTUNA

RICA-k ***-i

 

        Nahiko pobreki ia hirurehun pertsona mantentzen diren etxe bat ikustera joan nintzen lehengo egunean. Berehala bukatu nuen, hain zuzen, elizak eta eraikuntzak ez baitute begiratzea ere merezi. Etxe honetan zeudenak aski alaiak ziren; batzuek kartaketan ari ziren jolasean edota nik batere ezagutzen ez ditudan beste jokoetan. Atera nintzenean, hauetariko gizon bat ere irten zen eta Marais-eko bideaz galdetzen ari nintzela oharturik, Pariseko auzorik urrunena dena, esan zidan: «haraxe noakizu eta zuzenduko zaitut; jarraiki zatzaizkit». Xuxen-xuxen eraman ninduen, enbarazu guztietarik libratuz, hala karrozetarik nola kotxeetarik. Iristeko hirian geundela, jakin-minak harrapatu ninduen eta esan nion: «Adixkidea, jakin al dezaket nor zaitugun?» — Ni itsu bat nauzu, Jauna, erantzun zidan. — Nola! esan nion, zu itsu! Zergatik ez zenion, orduan, eskatu zurekin kartaketan ari zen gizonari lagundu nintzan? — Itsua delako ere, erantzun zidan. Badu laurehun urte aurkitu nauzun etxe horretan hirurehun itsu gaudela. Baina orain utzi egin behar zaitut. Hona hemen galdetzen duzun kalea. Jende tartera eta eliza honetan sartzera noakizu, eta hemen seguru nik gehiago oztopatuko ditudala jendeak beraiek ni baino.

Parisen,
1712ko Chalval-en ilargiaren 17an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia