XXXI GUTUNA

RHEDI-k PARISen dagoen USBEK-i

 

        Orain Venezian nago, nire Usbek maitea. Munduko hiri guztiak ikusiak eduki ditzakezu eta aho zabalik gelditu Veneziara iritsitakoan: beti harri eta zur geldituko baita jendea ikusterakoan nola sortzen diren uretatik hiria, dorrea eta meskitak, eta aurkitzerakoan jende izugarri pila arrainak besterik egon behar ez luketen lekuan.

        Munduan den altxorrik ederrenaren faltan dago, ordea, hiri profano hau, alegia, ur biziaren ezean. Ezinezkoa da han garbiketa aginduetakorik bat ere egitea. Gure Profeta sainduak higuin du, eta ez du Zeruko goialdetik ernegazioz baizik begiratzen.

        Horrelakorik ez balitz, Usbek maitea, ni oso gustura nengoke egunero nire adimena bizkortzen den hiri honetan biziz. Komertzioaren arazo eta gora-beherez ikasten ari naiz, printzeen interesez, beren gobernu-erez; ez ditut ahanzten ezta europarren superstizioak; medizinan hezten ari naiz, hala nola fisikan, astronomian, eta arteetan ere; esan nahi dizut, azkenez, nire jaioterrian begiok estaltzen zituzten lainoetarik irteten ari naizela.

Venezian,
1712ko Chalval-en ilargiaren 16an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia