XXX GUTUNA
RICA-k SMYRNE-n dagoen BERA-ri
Hain dira kuriosak Pariseko biztanleak, non bitxikeriaraino iristen diren. Iritsi nintzenean Zerutik bidalia banintz bezala behatzen ninduten; zaharrak, gizonak, andereak, haurrak, denak zeuden ni ikusteko irrikatan. Irteten banintzen mundu guztia leihotaratzen zen; Tuileries-etara joaten banintzen berehala jendeak inguratzen ninduen eta mila kolorezko ortzadarra egiten zuten andereek nire aldamenean; ikuskizunen batera joaten banintzen ehun katalosa niregana zuzentzen ziren, alegia, ez dela izan inor ni bezainbat ikuskatua. Batzuetan irri egiten nuen entzunez, ia sekulan bere gelatik irtengabeko jendeak elkarri esaten zietela: «Aitortu beharra dago, persiar baten itxura osoa duela.» Miragarria! non-nahi nire irudiak ikusten nituen; denda guztietan ageri nintzen, tximinietako apalgain guztietan; hain ziren, bada, beldur ez nindutelako aski ikustatu.
Hainbeste ohore azkenean astun bilakatzen da; ez bainuen uste ni hain kurios eta bitxi nintekeenik; eta nitaz neukan iritzia oso ona izan arren, ez nukeen inoiz pentsatuko ezagutzen ez ninduten halako hiri handi baten bakea hausteko gauza nintzatekeenik. Honek erabaki ninduen persiar jantzia utzi eta europarra hartzera, nigan zerbait miresgarririk oraindik gelditzen ote zen jakiteko asmoarekin. Saio honek erakutsi zidan zein zen nire benetako balioa, atzerritar hornimendurik batere gabe, justuago preziatzen nindutela. Nire sastreaz arrazoiz kexatu nintzen, istant batean galarazi baitzidan jendearen arreta eta estimua; bat-batean ezerezaren leize beldurgarrian eroria bainintzen. Batzuetan inork begiratu ere egin gabe egon nintekeen ordu batez, ez eta ahoa zabaltzeko okasiorik eman gabe. Baina, norbaitek kasualitatez esaten bazuen ni Persiarra nintzela berehala entzuten nuen ingurunean honelakoxe marmarra: «A, a! Persiarra da Berori? Zein gauza bitxia! Nola daiteke Persiarra izatea?»
Parisen,
1712ko Chalval-en ilargiaren 6an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu