XXIX GUTUNA
RICA-k SMYRNE-n dagoen IBBEN-i
Kiristinoen buru da Aita-saindua. Ohituraz intsentsatzen den idolo zaharra. Garai batean printzeek ere beldur ziren haren botereaz, gure sultan magnifikoek Irimeta eta Georgiako erregeak jarri eta kentzen dituzten bezain erraz aldatzen baitzituen. Baina egun ez diote jada beldurrik. San Pedro deitzen den lehen kiristinoetariko ondorengotzat dauka bere burua, eta benetan primutasun aberatsa du, altxor izugarrien eta bere menean dagoen herrialde handi baten jaun eta jabe baita.
Apezpikuak haren menpe dauden lege-gizonak dira, eta haren agintepean bi funtzio aski ezberdin dituztenak; bilduta daudenean hark bezala fede artikuluak egiten dituzte; bakarrik daudenean, aldiz, duten funtzio bakarra Legea ez betetzeko baimena ematea da. Zeren jakinen duzun bezala kiristinoen erlijioa benetan zailak diren hamaika ekintzez beterik dago, eta kontsideratu izan denez gero errazago zela betebehar horiek burutzea baino, horietaz libratzen duten apezpikuak edukitzea, herriaren ontasunaren izenean azken erabaki hau hartua izan da. Honela, Ramadan-a egin nahi ez bada, ezkontzako formalitateetara lotea egoterik nahi ez bada, botoak hautsi nahi badira, Legearen debekuen aurka ezkondu nahi bada, edota noizbait zin egindakoaren kontra joan nahi bada, Apezpiku eta Aita-sainduarengana jotzen da eta hauek berehala ematen dute baimena.
Berez ez dute Apezpikuek fedezko artikulurik egiten. Doktore saldoa zenbaezina da, gehienak derbitxeak, heien artean Erlijioaz mila eztabaida sortzen dituztenak. Gora-behera horietaz luze mintza daitezen uzten dituzte eta erabaki bat hartzen duteino irauten du gerrak.
Halaber, benetan diotsut, Kristo horren erresuman adina gerra zibil beste inon ez dela eman inoiz.
Argitara ematen dutenei proposamen berriren bat, lehenik heretikoak deitzen diete. Heresia hauetako bakoitzak bere izen propioa dauka, zein partaide direnentzat lotura izena bezala den. Baina ez daiteke heretikoa izan nahi ez duenak, zeren aski baita ezberdintasuna bitan zatitzea eta berezitasuna ematea heresiaz akusatzen dutenei, eta dena dela bereizkuntza, ulergarria ala ez, gizona elurra bezain xuri bilakatzen baitu, eta eskubide osoa baitauka ortodoxo dei dezaten.
Esaten dizudanak balio du Frantzia eta Alemaniarako, zeren entzuna daukadan Espainia eta Portugalen badirela derbitxe batzuek ez dutenak entenditzen izkirimiririk eta gizonak sutara botatzen dituzten lastoa bezala. Horrelako gizonen manupean eroriez gero, zorionekoa Jainkoa erregutu duena zur aletxoak eskuan, eraman duena bere soinean beti bi oihal puzka zintaz lotuak eta noizbait Galizia deitzen den probintzia batean izan dena. Hori gabe urrikarri dute gizagaixoa. Hamaika zin egin arren esanez bera ortodoxoa dela, aski zaila izango zaio sinestaraztea horretarako behar diren baldintza guztiak betetzen dituenik eta ez erretzea heretiko gisara; alferrik izango zaio xehetasunak ematea, ez da batere xehetasunik behar! Hauts bilakaturik izanen da, zer dioen entzun baino lehenago.
Beste epaileek jo dezakete epaitua inozentetzat, hauek, ordea, beti erruduntzat joko dute; eta dudan, beti dute arau bezala zigorraren aldera eramaten balantza, dirudienez, gizona gaiztoa delakoan baitaude. Baina, bestalde, beren buruaz hain iritzi ona dute, ezen inoiz gezurrak esateko gai ez direla uste duten; eta nagusienen lekukotasunak dituztelarik, emagalduen eta ofizio higuingarrienak egiten dituzten. Sufrezko alkandoraz jantzirik daudenei konplimendutxo bat egiten diete beren epaietan esanez, lotsa direla hain gaizki jantziak ikusiz, eztiak direla, odola gorroto dutela, eta etsiturik direla kondenatu baitituzte. Baina haien kontsolamendurako zorigaizto hauen ongiak oro bahitzen dituzte.
Zorionekoa Profeten seme-alaben lurraldea! Honelako ikuskizun tristeak ez baitira han ezagutzen. Aingeruak hara eramandako erlijio saindua egia beraz begiratua da: ez du horrelako bortizkeriarik behar iraun dezan.
Parisen,
1712ko Chalval-en ilargiaren 4ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu