XXVIII GUTUNA
RICA-k ***-i
Parisen egunero gertatzen ohi denekoa izan arren gauza aski berezia ikusi nuen atzo.
Herri osoa biltzen da afalondoan eta gertaldi moduko batzuek jokatzen ikustera joaten da, komedia entzun dut deitzen diotela. Teatroa izeneko zuradi baten gainean mugitzen dira. Ikusten dira bi aldeetara, gela izendatu txoko batzuetan, gizon eta andereak ikuskizun mutuak elkarrekin jolasten, gutxi gora behera gure Persian ohikoak direnen antzekoak.
Hemen amoros kexati batek bere amodiozko kexuak adierazten ditu; beste batek bere amorantea begi sutsuz jaten du, era berean maitaleak begiratzen duela; pasio guztiak ageri dira aurpegietan, mutu baina xit bizi. Hemen aktoresek ez dute soin-erdia baizik estaltzen, eta ordinariozki modestiak eraginik besoak tapatzeko mankerdi batzuk daramatzate. Jende talde bat zutik egoten da beheko partean irri-karkailaz antzokiaren goi-partean daudenez, hauek berdintsu irribarre egiten dutela behekoez.
Baina gehien sufritzen dutenak gazte batzuk dira espresuki hautatuak nekea pairatzearren. Leku guztietan egon beharra daukate, beraiek bakarrik ezagutzen duten pasadizoetatik iragaiten dira, harrigarrizko abileziaz igotzen dira mailaz maila; goian, behean, maila guztietan daude; pulunpatu egiten dira, nolazpait esatearren; galtzen dituzu, berriro aurkitzen; frankotan agerlekua utzi eta beste batean jokatzera doaz. Ikusten dira batzuk, ez zenituzkeenak pentsatuko ikustea daramatzaten makuluez beste modura ibiltzen. Beraz, komedia berezi bat sortzen da jokatzen ari den saletan: erreberentziekin hasten dira eta besarkadekin jarraitzen. Esaten ohi da ezagutzarik ttipiena aski dela gizon batek bestea ito dezan. Badirudi lekuak samur beratasuna sortzen duela. Egiaz, diotenez hor agintzen duten printzesak ez direla batere krudelak, eta eguneko bizpahiru ordu kenduz gero, non iheskor samarrak agertzen diren, esan daiteke bestetan ezti-eztiak direla, beren zoramenak erraz uzten dituenez.
Gutxi gora behera kontatzen ari natzaizun gauza guzti hauek berdintsu gertatzen dira Opera deitu beste agerleku batean: diferentzia bakarra da batean hitz egiten dutela eta bestean kantatu. Nire adiskide batek lehengo batean aktoresa printzipalenetarikoa eranzten den gelara eraman ninduen. Hain adiskide on egin ginen, ezen biharamunean honako gutuna bidali zidan:
Jauna,
Munduko neskatxarik dohakabeena natzaizu; beti izan naiz Operako aktoresarik bertutetsuena. Duela zazpi edo zortzi hilabete atzo ikusi ninduzun gelan nengoelarik, Dianaren beretersa gisara janzten, abade gazte bat etorri zitzaidan bila, eta nire soineko xuri, aurpegi-estalki eta nire zintari errespeturik gabe inozentzia lapurtu zidan. Alferrik izan zen egin nion sakrifizioa ager niezaion, barrezka hasi baitzitzaidan esanez txit profana topatzen ninduela. Hala guztiz ere, hain dut sabela loditua, non ez naizen ausartzen antzokira gehiago joaten, ohore kontutan ezin sinets daitekeen samurtasunezkoa bainaiz eta beti esango baitut, ongi hezitako neskatxa batek errazago gal dezakeela bertutea modestia baino. Ongi aski ohartuko zarenez, abade gazte honek ez luke inoiz daukadan samurberatasun honekin bere asmorik burutuko, ez balit promesa egin nirekin ezkonduko zela; lege helburu honek ahantzarazi zizkidan ohiko formalitate ttipiak eta bukatu behar nuen amaitik hasi nintzen. Baina bere fidelitate ezak desohoratu nauenez ez dut nahi gehiago bizi Operan, non gu bion artean, ez didaten ematen zertaz bizi, ezen urtetan sartzen ari naizelarik eta xarmak joaten ari, egunetik egunera ttipiagoa dirudien nire pentsiotxoa bera den. Jakin izan dut zure jarraitzaile batengandik zure herrialdean txit gogoko dituztela dantzari onak eta Ispahan-en banengo berehala aberastuko nintzatekeela. Zure babesa eskainiko bazenit eta zurekin eraman nire bertute eta portaeraz zure faboreen duin eginen nintzateke eta neskatxa gizagaixo baten ongile izatearen bozkarioa sentituko zenuke. Nire izena...
Parisen,
1712ko Chaval-en ilargiaren 2an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu