XXVII GUTUNA

USBEK-ek ISPAHAN-en dagoen NESSIR-i

 

        Orain Parisen gaude, Eguzkiaren hiriarekin pareka daitekeen hiri miresgarri honetan.

        Smyrne-tik atera nintzenean Ibben-i agindu nion opari batzuek zeuzkan kutxa bat eraman ziezazun, gutun hau ere bide beretik hartuko duzu. Bost edo seiehun legoa nigandik aparte baldin bada ere nire berriak igortzen dizkiot, eta bereak errezibitzen ditut bera Ispahan-en eta ni Com-en bageunde bezain erraz. Marseille-ra bidaltzen dizkizut nire gutunak, hemendik etengabe partitzen baitira itsasontziak Smyrne-rantz; eta handik egunero Ispahan-erantz abiatzen diren Armeniarren karabanen bitartez bidaltzen ditu Persiara doazenak.

        Rica osasun betean dago: oztopo guztiak gainditzen ditu errazki duen jite sendo, gaztetasun eta berezko alaitasunaz.

        Baina ni ez nabil ongi: nire gorputza eta adimena lur jota daude; egunetik egunera tristeago bilakatzen ari zaizkit gogoetak; osasuna ahultzen ari zait eta sorterri-mina bizten ari, herri hau gero eta arrotzago sentitzen dudalarik.

        Baina, Nessir maitea, eskatzen dizut, arren, nire andereek ez dezatela jakin nagoen egoera honetaz ezer, maite nautenen malkoak ez bainituzke ikusi nahi; ezta ere onesten ez nautenen ausardia areagotzerik.

        Arriskuan nagoela uste badute nire eunukoek, beren joerak eskuzabaltasun koldarraren zigor eza esperoko balu, berehala harkaitzak berak ere entzuten eta bizirik gabekoak mugiarazten dituen andereen ahots lausengariei entzungor egiteari uko egingo liokete.

        Agur, Nessir: pozik nago nire konfiantzaren partaide zaitudalako.

Parisen,
1712ko Chapan-en ilargiaren 5ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia