XXVI GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-go jauregian dagoen ROXANE-ri
Zein zoriontsua zaren, Roxane, Persiako herrialde eztian izatearekin, eta ez, lotsa eta bertutea ezagutzen ez diren klima pozoindu hauetan! Zein zoriontsua zaren! Nire anderenean bizi zara, inozentziaren egoitzan legez, gizatiarren erasoetatik libre, bozkarioz zaude galbidean erortzeko arriskurik gabe; inoiz gizonik ez da izan bere begirada lizunez lohitu zaituenik; ezta zure aitaginarrebak ere beztetako askatasunean ez du ikusi zure aho ederra, beti eraman baituzu zapi sakratu bat estalita gordetzeko. Roxane zoriontsua! kanpainan egon zarenean beti izan dituzu eunuko zenbait zure aurrean zihoazenak heriotzez zigortzeko zure bistatik alde egin ez zuten ausart guztiak. Neuri ere Zeruak emanik zu nire zoriona izan zaitezen, zenbat ez zitzaidan kostatu hainbeste konstantziaz zaintzen duzun altxor horretaz jabetzea! Zein pena handia izan zen enea gure ezkontzako lehen egunetan zu ezin ikusiaz eta zein nolako ezinegona ikusi zintudanean! eta ez zenuen asetzen, aitzitik samurturik zeneukan lotsa izutu batek eragiten zintuen ukatzera; etengabe gordetzen zaituzten gizon horiekin nahasten ninduzun. Oroitzen ote zara nire bilatze saioetarik traizioz ezkutatu zintuzten nire mirabeen artean galdu zintudaneko hartaz? Oroitzen ote zara nola ikusten zenuen zure negarrak alferrikakoak zirela, nire amodioaren bortitza geldiarazteko zure amaren agintepera jo zenuenean? Oroitzen ote zara laguntza guztiak urri izan zenituenean nola zeure adorean aurkitu zenuen babesa? Puñal bat hartuz nola mehatxatu zenuen maite zintuen senarra, akabatuko zenuela esanez, jarraikitzen bazuen eskatzen senarra baino maiteago zenuen hura. Bi hilabete eman genituen horrela Amodioa eta Bertutearen arteko borrokan. Urrunegi eraman zenituen zure lotsa eta eskrupuloak; ez zinen errenditu garaitua izan eta gero ere; azken mugaraino zaindu zenuen hil zorian zegoen dontzeilatasun hura; irain egin izan banizu bezala begiratzen ninduzun, ez maite zintuen senar legez; hiru hilabete baino areago pasatu zenituen ez ninduzula begiratzen gorritu gabe; zure itxurak eta aldeak bazirudikeen esan nahi zuela harturiko aurrerapena salatzen zenidala. Ez nuen inolaz ere jabetze lasairik; ebasten zenizkidan zure esku zeneuzkan xarma eta grazia guzti horiek, eta ni fabore handienez horditua nintzen ttipienak errezibitu gabe.
Herrialde honetan hazia izan bazina ez zenukeen horrelako beldurrik izanen; hauen andereek galdua baitute lotsa; gizonen aurrean presentatzen dira aurpegia agerian, beren garaitzea eskatzen balihoaz bezala; eta beren begiradekin bilatzen dituzte; meskitan, ibilbideetan, beren etxe propioetan ikusten dituzte; eta eunukoen zerbitzua ezezaguna zaie. Zuen artean ematen den sinpletasun noble eta lotsa eztiaren ordez, inoiz ohitu ezin naizen axolagabekeria ausarta ikusten dut.
Bai, Roxane, hemen bazina lotsa zinateke ikusiz norainoko lohikeria izugarrian andereak erori diren; leku hauetarik ihes eginen zenuke eta zeure buruaz ziur, inongo arriskuk galbidean ezar ez dezakeen, eta azken finean, inoiz zor didazun maitasuna galtzeko beldurrik gabe, maite nazakezun lekuan, inozentzia aurkitzen duzun erretiro ezti horrengatik suspirioka zinateke.
Zure itxura paregabea ederragotzen duzunean kolore miresgarriekin, zure gorputz osoa usainik dastagarrienez perfumatzen duzunean; zure jantzirik pollittenez eztitzen zarenean; zure dantzaren graziez eta zure kantaren eztiaz kide guztien gainetik agertzen zarenean; beraiekin grazioski xarma ezti eta dohainetan nor gehiagoka zabiltzanean, ezin bururatu zait izan dezakezunik ni agradatzea baino beste helbururik; eta kolore gorrixkak apaltasunez heltzen zaizkizunean, zure soa nirearen bila dabilenean; nire bihotza hitz eztiz eta lausengariz balakatzen duzunean, ez nuke jakingo, Roxane, zure maitasuna zalantzan jartzen.
Baina zer pentsa dezaket Europako andereen gainean? Beren aurpegiak pollitzeko antzea, janzten dituzten hornigarriak, beren buruez hartzen duten arreta, agradatzeko duten jaidura etengabeak, bai beren bertuteari, bai beren senarrei egiten dizkieten irainak dituzu.
Ez da, Roxane, nik pentsatzen dudala irain horrek, halako portaerak sinestaraz diezaguketen bezain urrun doazenik, eta gehiegikeria izugarri horiek ezkontza hitza hausteraino erabat daramatenik. Andere gutti dago hain galdu, non horretaraino iristen den; denek daramate beren bihotzetan grabaturik jaiotzak ematen duen eta heziketak ahuldu arren desegiten ez duen bertutearen nola halako zigilua. Lotsak eskatzen duen portaera laxoki eraman dezakete, baina azken urratsak eman diren unean naturalezak irauli egiten ditu. Halaber, hain estu gordetzen zaituztegunean, hainbat esklaboz begiratuak zaretenean, hain lazki zuen gutiziak galarazten ditugunean goraxko hegan dihoazkizuelako, ez da azken fidelitate ezaren beldur garelako; jakin, badakigulako sekula ez dela garbitasuna aratzegi eta edozein notatxok zikin dezakeelako baizen.
Erruki zatzaizkit, Roxane. Hain ongi luzaro gorderik daramazun zure dontzeilatasunak inoiz abandonatuko ez zintuen, eta zure bertute bakarrak menperatzen dakien gutiziak itzal zitzakeen senarra mereziko zukeen.
Parisen,
1712ko Rhegeb-en ilargiaren 7an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu