XXIV GUTUNA
RICA-k SMYRNA-n dagoen IBBEN-i
Duela hilabete bat Parisen gaudela eta gelditu gabe gabiltzala. Alokairu bat aurkitu aurretik hamaika arazo burutu behar dira, dela emandako zuzenbideetara joan, dela denak batera faltan sentitzen ditugun beharrezko gauzez hornitu.
Ispahan bezain handia da Parise. Hemen etxeak hain dira garaiak, non balirudikeen astrologoenak direla denak. Ohartuko zara aldean eraikirik eta sei edo zazpi etxe, bat bestearen gainean duen hiri bat, jendez gainezka dagoela eta orok kalean direnean zein nolako oste-mostea sortzen den.
Ez duzu sinetsiko agian, baina hemen nagoenez gero, hilabete honetan, ez dut inor ikusi oinez. Ez da inor munduan bere makinez hobeto baliatzen Frantsesak baino; korri egiten dute; hegan. Asiako ibilgailu mantsoak, gure gameluen pausu orekatuak beraien onetik aterako lituzke. Martxa honetara ohiturik ez nagoenez, maiz oinez nabil, abiaduraz aldatu gabe, eta kristau baten gisara errabiatzen naiz batzuetan; gertatzen baita oin puntatik bururaino zipliztinez lohitzen nautela, baina ezin dudana sufritu aldian-aldian errezibitzen ditudan ukalondo kolpeak dira. Atzetik datorkidan batek eta aurreratzen nauenak erdi-jira bat eragiten dit; beste aldetik gurutzatzen nauen besteak, maiz lehenak utzitako moduan uzten nau; eta ehun urrats eman aurretik hamar lekua emanak banitu baino nekatuago sentitzen naiz.
Ez pentsa egun sakonki mintza naitekeenik europarren ohiturez eta usadioez; oraindik ez daukat ideia xume bat baizik eta harriduraz betetzeko astia baizik ez dut izan.
Europako printzerik boteretsuena da Frantziako Erregea. Ez du halere bere aldameneko Espainiako erregeak bezala urre mehatzerik; baina aberatsagoa da, bere mehatzak baino agortezinagoa den menpekoen urguilutik hoberik ateratzen baitu. Gerra handiak hasten eta iraunarazten ikusi izan zaio ohorezko tituluak saltzeko besterik ez zeukala, eta giza urguiluaren mirariz bere gudarosteak ordainduak, hiriak hornituak eta itsasontziak ekipatuak aurkitu ditu.
Bestalde errege hau mago handi bat da; bere agintea menpekoen izpiritu bertaraino iristen baita; eta pentsarazten baitie nahi duen bezala. Bere tresorean miloi bat besterik ez badu eta bi behar baldin baditu, aski zaio konbentziaraztea batek bi balio duela eta sinesten diote. Gerra zailen bat badu ezin eramana, eta dirurik ez badu, aski zaio buruetan sarraraztea paper puzka batek dirua balio duela eta konbentziturik gelditzen dira. Areago oraindik, uste dute haren ukitu bakarrarekin gaitz guztietarik senda daitezkeela, hain denez handia menpekoen izpirituetan duen indarra eta boterea.
Esaten dizudanak printze honetaz ez zaitu harritu behar, bai baita beste mago bat bera baino indartsuagoa, zeinek haien izpirituan hark bere menpekoengan adina agintzen duen. Mago honen izena Aita-saindua da. Behin sinetsaraziko dizu hiru bat direla, bestean jaten den ogia ez dela ogia, edo edaten den ardoa ez dela ardoa, eta horrelakoxe hamaika istorio.
Beti zalantzan mantentzearren eta sinesteko ohiturari utzi ez diezaioten noizbehinka fede artikulu batzuen ariketak egiten ohi ditu. Duela bi urte Konstituzioa izeneko izkribu handi bat idatzi zuen eta zerga gogorren mehatxu pean printze hau eta bere menpekoak han esaten zen dena sinestera behartzen zituen. Noski, lortu zuen hori Printzearekin, zein berehala makurtu zen bere menpekoei etsenplu emanez. Baina hauetariko batzuek asaldatu egin ziren eta idazki hartan esaten zen izpirik ere ez zutela sinesten, erantzun zuten. Gortea, Erresuma eta familia osoak zatitzen duen iraultza honen eragile nagusienak andereak izan dira. Konstituzio honek, kiristino guztiei zerutik jaitsitako liburua dela aitortzen duten, eta hain zuzen beren Alcoran-a dena debekatzen diete irakurtzea. Beren izaerari egiten zaion irainagatik haserre, Konstituzioaren aurka bultzatzen dituzte oro andereek; okasio honetan aldeko tratamendurik batere nahi ez duten gizonak beren alde jarri dituzte. Alabaina aitortu behar da mufti honen arrazoinamendua ez dela okerra, eta Hali handiaren izenean gure Lege sainduaren hastapenetan hezia behar duela izan dudarik gabe. Zeren, gurea baino sortze beheagoa dutenez gero andereek, eta gure Profetek Paradisuan ez direla sartuko esaten digutenez, zertara sartu behar lirateke Paradisuko bidea ikasteko baizik egina ez den liburu bat irakurtzera?
Entzunak ditut Erregearen gainean gauza miragarriak eta ez dut zalantzan ipintzen zuri ere sinesgaitzak irudituko ez zaizkizunik.
Diotenez, bere kontra batu ziren auzokide orori gerra egiten zien bitartean inguratzen zuten ezinikusizko etsai kontaezinak zituen erresuman. Areago oraindik, badirudi berak bilatuak zirela hogeita hamar urtetan, eta haren konfiantza zeukaten derbitxe zenbaiten arreta izugarriaren gainetik ez duela batekin ere topo egin. Haren ondoan bizi dira; haren gortean daude, haren hiri nagusian, haren gudarostetan, haren epai-mahaietan, eta hala guztiz ere, dioetenez, hil beharrean dago inor topatzearren kontsolamendurik gabe. Balirudike izan orokorki direla eta ez partikularki; gorputz bat, baina lohiadarrik gabea. Dudarik gabe zeruak printze hau zigortu nahi duela, garaitu dituen etsaiekiko behar adinako begirunekoa ez izateagatik, berea baino jeinu eta zori goitiarragoak dituzten arerio ezin ikusiak ematen baitizkio.
Idazten jarraituko nuke eta kontatuko nizkizuke persiar izaera eta nortasunetik aski urrun diren istorioak. Egia da Lur berak garamatzala biok, baina orain ni nagoen herrialde honetako gizonak eta zu zauden horkoak arras ezberdinak dira.
Parisetik,
1712ko Rebiab 2.aren ilargiaren 4ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu