XXIII GUTUNA

USBEK-ek SMYRNE-n dagoen bere adiskide IBBEN-i

 

        Livorno-ra iritsi gara nabigazionezko berrogei egun igaro ondoren. Hiri berria da; Toscana-ko dukeen jenioaren lekukoa, bilakatu duenak hiri linziratsu bat Italiako hiririk ederrenetakoan.

        Hemen andereek askatasun handia dute. Jalusia deitu leiho atzetik ikus ditzakete gizonak, laguntzen dituzten atso zenbaitekin atera daitezke egunero; eta aurpegi-zapi bat besterik ez daramate. Beren koinatu, osaba-izebek, ilobek bisita ditzakete ia inoiz senarra haserretu gabe.

        Ikuskizun handia da mahometano batentzat lehen aldiz hiri kristau bat ikustea. Ez naiz mintzatzen ari begi guztietara nabarmentzen direnez, alegia, etxeez, jantziez, ohitura printzipalez. Bada gauzarik ñimiñoenetan ere zerbait berezi sumatzen dudana eta ezin adieraz dezakedana.

        Bihar Marseille-rantz abiatuko gara; bertako gure egonaldia ez da luzea izanen. Rica eta bion asmoa berehala Parisera joatekoa da, bertan baitago Europako inperioa. Bidaiariek beti atzerritar guztientzat haz-herri komun baten modukoak diren hiri handiak bilatzen dituzte.

        Adio; zaude ziur beti maiteko zaitudala.

Livorno-n,
1712ko Saphar-en ilargiaren 12an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia