XXII GUTUNA
JARON-ek ISPAHAN-go anderenean
dagoen LEHEN EUNUKOari
Zenbat eta anderenetik urrunago orduan eta bihotz berago bilakatzen ari duk Usbek bere andere sakratuekiko; suspirioka ari zaiguk, negarra zeriok; oinazea mintzen zaiok, susmoak areagotzen. Zaindarien kopurua handitu nahi dik. Laguntzen dituzten beltz guztiekin bidaliko naik. Ez duk beldur bere buruaz, bera baino mila aldiz maiteago zaionagatik baizik.
Beraz hire lege eta ardura pean bizitzera joanen nauk. Jainko ona! Zenbat gauza behar den egin gizon bat zoriontsua izan dadin!
Balirudikek Naturak andereak mirabe ezarri ondoren gero aske utzi dituzkeela. Nahasketa sortzen zen emakume eta gizonen artean beren eskubideak elkarrekikoak zirelako. Harmonia berri baten plangintzan sartuak gaituk: andereen eta gure artean higuina sortu diagu, eta gizon-andereen artean amodioa.
Nire kopeta goibeldu eginen duk. Begirada ilunak luzatuko. Alaitasuna nire ezpainetarik ihes eginen. Kanpotik lasai barrenetik kezkati. Ez ditiat zahartzaroko zimurrak itxarongo honen atsekabeak adierazteko.
Plazerez jarraikiren nintzaiokeen nire nagusiari Mendebaldean, baina nire borondatea haren onean zetzak. Bere emazteak zain ditzadala nahi dik, eta leialtasunez zainduko ditiat. Bazekiat nola jokatu andere horiekin, nola harrotzen hasten diren, txoriburu izaten galarazten zaienean, eta nola horiek suntsitzea umiliatzea baino xamurragoa den.
Hire begirada pean natzak.
Smyrne-n,
1711ko Zilcadé-ren ilargiaren 12an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu