XXI GUTUNA
USBEK-ek LEHEN EUNUKO ZURIAri
Gutun hau irekitzean beldurtzen hasi hadi, edo hobe beldurtu bahintz Nadirren maltzurkeriaren pean erortzean. Hire zahartzaro hotz eta ahuldadez betean nire amodiogai izugarrietan ez hitzakeen ezarri begiak ogenik gabe; inoiz begirada guztietarik estaltzen duen leku ikaragarriaren atetik barrena oin sakrilegorik ipintzen zilegi ez zaiana. Sufritzen duk hire zaindaritzapean ezarriak izan direnek heuk egiteko ausardiarik ez eta egin ukana, eta ez haiz ohartzen zein nolako zigorrak heure eta beraien gain erortzeko prest dituan?
Eta nor haugu nire gogara desegin dezakedan erreminta ezdeusa baino, obeditzen jakinik soilik haizena; nire lege pean bizitzeko edo neure aginduz hiltzeko bakarrik haizena mundu honetan; nire zorionak, maitasunak, jelosiak berak hire apaltasunaz behar dutenean soilik arnas duana; eta finean ez hezakeena ukan beste abururik morrontzarena baino, nire borondateaz beste arimarik, nire zorionarena baino beste esperantzarik?
Bazekiat nire emazte zenbaitek bere egin beharraren lege garratza ezinean daramatela, eunuko beltzaren presentzia etengabea fastikagarri egiten zaiela; nardaturik daudela bista aurrean beti beren senarraren oroitarazle duten gai izugarri horietaz; bazekiat. Baina hi, nahaste horren eragile haizena, nire konfiantza gaizki darabilten denak izuarazteko moduan izanen haiz zigortua.
Zeruko profeta guztien eta Hali orotan handiena denaren izenean zin degiat, hire egitekotik desbideratzen bahaiz, nire oinpean ikusten ditudan zomorrotxoak bezalaxe behatuko haudala.
Smyrne-n,
1711ko Zilcadé-ren ilargiaren 12an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu