XX GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-go anderenean
dagoen bere emazte ZACHI-ri
Zachi, afrontu egin didazu, eta beldurtu beharko zintuzketen higidurak sentitzen ditut nire bihotzean, nire urrunaldiak ez balizu astirik ematen portaeraz aldatzeko eta sutan naukan jeloskeria bortitz hau itzaltzeko.
Kontatu didate Nadir, eunuko zuriarekin bakarrik aurkitua izan zarela, eta honek, noski, bere buruaz ordainduko du fidelitate eza eta zurikeria. Nolatan ahantzi zara ez zaizula zilegi eunuko zuririk zure ganbaran errezibitzea, zerbitzurako beltzak dituzularik? Esan diezadakezu eunukoak ez direla gizonak, eta zure bertutea irudi batek sor ditzakeen gogoeten gainetik dagoela. Ez da aski, ez zuretzat, ez niretzat: zuretzat, zeren andereneko legeek debekatzen duten zerbait egiten ari zeren; niretzat, nire ohorea kentzen didazunez besteen begiraden pean ezarriz. Begiradak... zer diot? Agian bere ekintzaz lizundu zaituen maltzur baten jokopean eta areago oraindik, bere ezintasunaren aieneen eta etsipenen pean.
Esango didazu, agian, beti leial izan zaitzadala. E! Baina bestela zintezkeen, ala? Nola saihets zenezakeen eunuko beltzen bijilantzia, hain harriturik dauzkazunak daramazun zure bizimoduaz? Nola hautsi zenitzakeen preso zaituzten sarrailak eta ateak? Aske ez den bertuteaz harro zara, eta agian zure gutizi lizunek hainbeste aldarrikatzen duzun fideltasun horren meritua eta saria kendu dizute.
Eman dezadan ez duzula egin suma dezakedanetik deus ere; maltzur horrek ez dituela ipini bere esku sakrilegoak zure gainean, eta ukatu egin dizkiezula bere begiei jaunarenak soilik diren xarmak; zure jantziez beztiturik haren eta zure artean halako langa ahula utzi duzula; errespetu saindu batek jota begiak jaitsi dituela; ausardiaren faltaz, dardarez gelditu dela pentsatuz datozkiokeen gaztiguak. Hau dena egia izanik ere, ez da ttipiagoa zure egitekoen kontrako zerbait burutu duzula. Eta doan bortxatu baldin baduzu, zure izari gabeko jaidurak bete gabe, zer ez zenuke egingo ase asmoz? Zer ez ote zenuke egingo zuretzat presondegi den bezala zure kideentzat bizioen kontrako ihesleku on, tenplu sakratu honetatik irteteko ahalmenik bazenu, non zure sexukideak beren ahuldadea galduz, naturaren desabantaila guztien gainetik garaiezinak diren? Zer eginen zenuke, zure oldera utzirik, nireganako amodioa bakarrik bazenu zure defentsarako eta hain laidogarri saldu duzun zure egitekoa? Eskerrak bizi zaren herrialdeko ohiturak sainduak diren eta libratzen zaituztela esklabo zitalenen asaldamenduetarik! Eskerdun behar zenuke biziarazten zaitudalako hertsidura horretan, eta horrekin bakarrik merezi baituzu oraindik bizitzea.
Ezin duzu eunukoen buruzagia pairatu zure portaeraren gainean dituelako mementoro ipinita begiradak, eta aholku zuhurrak ematen dizkizulako. Hain da itsusia, diozu, ezen nazkaz baizik ez dezakezun begiratu; kargu hauetarako ederrenak ezarri beharko balira bezala. Bere lekuan desohoratzen zaituen eunuko zuria ez izatea da penatzen zaituena.
Baina zure lehen mirabeak zer egin dizu? Zelide-kin hartzen zenituen konfiantzak ez zirela behar bezalakoak, besterik ez dizu esan. Hona zure gorrotoaren zergatia.
Epaile gogor bat beharko nuke izan, Zachi; baina ogen gabe zarela bilatzen saiatzen den senar bat baizik ez nauzu. Roxane, ene emazte berriaganako dudan amodioa, samurberatasun guztia utzi dit hura bezain ederra zarenarentzat. Nire maitasuna bion artean banatzen dut, eta Roxane ez da hobetsia bertuteak edertasunari erants dakiokeenagatik baizik.
Smyrne-tik,
1711ko Zilcadé-ren ilargiaren 12an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu