XVII GUTUNA

USBEK-ek BERAri

 

        Ez dezaket, Mollak zerutiarra, nire ezinegona baretu; ez nekike zure erantzun ezin ederragoa itxaroten. Uxatu beharrezko duda-mudatan murgildurik naukazu, ikusten baitut nire arrazoina galtzera doala; ezaba ezazu zure luma zerutiarraz aurkeztera noakizun korapiloa; egizu, neronetaz urrikal eta egin behar dizudan galderaz lotsa nadin.

        Zergatik debekatzen dizkigu gure legegileak zerri okela eta okaztagarri kontsideratzen dituen haragi guztiak? Zergatik debekatzen digu gorpuak ukitzea, eta agintzen gure arimak xahutzearren etengabe gorputza garbitzea? Badirudit gauzak berez ez direla, ez xahu, ez lizun; ez nezake pentsa gaien berezko kalitateetan edo on-gaizto egin dezaketenetan. Lohia ez dirudigu zikin gure bista edo gure sentimenetako beste ahalmenen bat mintzen duelako baizik: baina, herez, ez da urrea eta diamantea baino areago. Gorpu baten ukipenez sortzen da lohitzearen ideia, zein ez datorkigun berezko higuintasun baten ondorioz baizik. Inoiz garbitzen ez diren gorputzek gure usaina eta bista mintzen ez badute nola pentsa genezake okaztagarri liratekeenik?

        Beraz, Mollak zerutiarra, gauzak xahu ala lizun diren epaitzeko gai diren bakarrak ahalmenak dira. Baina nola gaiek ez dituzten gizon guztiak era berdinean ukitzen, batzuei atsegina lirudikeena besteei higuingarri gerta baitakieke, ondoriozta dezakegu ahalmenen lekukotasunak ez daitezkeela neurritzat har, ez bada eransten nork bere fantesiaren arabera dezakeela honetan erabaki, eta herari dagokionaren heinean erabaki dezakeela zein den xahu eta zein lizun.

        Baina honek berak, Mollak sakratua, gure Profeta zerutiarrak ezarritako bereizketak eta Aingeruen eskuz idatzia den Legearen puntu oinarrizkoenak ez ote lituzke irauliko?

Erzeron-dik,
1711ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 20an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia