XVI GUTUNA
USBEK-ek COM-en Hiru Hilobien zaindaria den
MÉHÉMET-HALI Mollak-ari
Mollak zerutiarra, zergatik bizi zara hilobien artean? Zure egoitza egokiago litzateke izarren artean. Eguzkia ez itzaltzearren ezkutatzen zara, noski. Ez duzu honek bezala notarik; baina hau bezala hodeiek estaltzen zaituzte.
Ozeanoa baino leize sakonagoa da zure zientzia; zure adimena Hali Zufagar-en ezpata bikoitza baino zorrotzagoa; Zeruko Botereen bederatzi koroetan gertatzen dena ezagutzen duzu, eta gure Profeta dibinoaren bular gainean irakurtzen Alcoran-a; eta pasarte ilunik aurkitzen baduzu Aingeru batek, bere manuz, hegats arinak zabalduz, Tronutik jaisten da sekretua argitzera.
Zure arartekaritzaz Serafinek eta nik elkarri gutun intimoak bidal diezazkiokegu, zeren azkenean ez al zara bada zu hamahirugarren Iman-a, Zeruak eta lurra batzen duen gunea, eta Leize-Zerugoienaren arteko lotura-puntua?
Herri profano baten erdian murgildurik nago. Utz nazazu zurekin garbi nadin, laga bizi zaren leku sakratuetara itzultzen, bereiz gaiztoengandik goiz alban lerro zuria beltzetik nabarmentzen den eran, zure aholkuez lagun nazazu, nire arimaz ardura zaitez, Profeten adimenez lilura iezadazu, Paradisuko zientziaz hez eta utz nazazu nire arimaren zauriak zure oinetan ezartzen.
Bidalizkidazu zure gutun sakratuak Erzeron-era, bertan zenbait hilabete emanen baitut.
Erzeron-dik,
1711ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 11an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu