XV GUTUNA
LEHEN EUNUKOak JARON-i,
ERZERON-en dagoen eunuko beltzari
Lehenbailehen arrisku guztietatik libre lurralde honetara erakar hazan, eskatzen diot Zeruari.
Ia inoiz adiskidetasuna deitzen dena nolakoa den ez dudan jakin arren, hik bakarrik sentiarazi didak baneukala oraino bihotz bat, nire lege pean bizi ziren esklabo guztiontzat brontzezkoa nintzelarik ere, eta plazerez ikusten nuen nola hire haurtzaroa aurrera zihoan.
Nire nagusia hitaz ohartu zen unea iritsi zen, bada, eta natura mintzatu baino askoz lehenago burdinak separatu hinduen naturatik. Ez diat esango urrikaldu hintzaidan ala nire mailara jasoa ikusi hindudanean boztu nintzen. Hire malko eta negarrak eztitzen saiatu ninduan. Uste izan nian bigarren jaiotze modukoa sentitzen huela, eta beti obeditu beharreko esklabotasun batetik jalkiaz, orain agintzea suertatu hintzaian beste morrontzara iragaiten hintzela. Hire heziketaren ardura hartu nian. Aginduekin bat beti doan garraztasunak luzaro eragotzi zian ohartzea minbera nintzaiala. Halere, laket hintzaidan eta gehiago esango diat oraindik, aita batek semea maite duen eran maite hindudala, aita eta semea hitzek gure zoriarekin ezer ikustekorik baldin badute, bederen.
Beti fedegabeak izan diren kiristinoen lurraldeetarik iraganen haiz eta ezinezkoa izanen zaik kutsadurarik gabe irtetea haietarik. Nola behatuko hau Profetak hainbeste milioi diren etsairen artean? Hire nagusia itzul dadinean, La Meca-rako bidea erromes gisara har lezan nahiko nikek; Aingeruen lurrean biek garbiturik geldituko zinatekete.
Agur.
Ispahan-go Anderenean,
1711ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 10ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu