XIV GUTUNA

USBEK-ek BERAri

 

        Herria egunetik egunera handitzen zihoan eta Trogloditek pentsatu zuten errege bat hautatzeko une egokia zela. Erabaki zuten, bada, zuzenena zenari koroa ematea, eta begirada guztiak luzaro bertute handia frogatua zeukan adineko zahar ohoragarri batengana zuzendu ziren. Ez zuen joan nahi izan bilera hartara, eta etxean erretiratua zegoen bihotza tristuraz betea.

        Joan zitzaizkionean mezulariak erabaki hautaketa kontatzera erantzun zien: «Ez dezala nahi Jainkoak, nik egin diezaiedan Trogloditei halako bidegabekeriarik, eta pentsa dezaten beren artean ez dela inor ni baino zuzenagorik! Koroa eskaintzen didazue, eta bene-benetako nahia baduzue ez zait gelditzen onartzea besterik. Baina kontutan har ezazue, penez eta dolorez naizela ikusiz jaiotzean Trogloditak aske eta orain menpeko.» Hitzok esandakoak negar malkoen iturria zerion. «Zorigaiztoko eguna! zioen, zergatik bizi izan naiz hain luzaro?» Honi ahots ozenez oihukatu zuen: «Ene Trogloditak, ongixko ikusten dut bertutea astunegia egiten ari zaizuela. Zaudeten egoeran bururik gabe, borondatearen kontra ere bertutetsu izan beharrean zaudetela; hau gabe ez zenuketela iraunen, eta antzinako gurasoen gaitz berean eroriko zinatekeela. Baina uztarri horri gogorxko deritzozue; nahiago duzue printze baten menpean egon eta zuen ohiturak bezain gogorrak ez diren haren legeak obeditu. Badakizue orduan ez zenuketela kontentatzerik zuen anbizionea, ondasunak lortuz eta alferkerian biziz, eta sarraski handitan ez eroriz gero ez zenuketela bertutearen beharrik izango.» Une batean isildu zen eta malkoen jarioa oraindik ugariagotu zitzaion. «E! Zer nahi duzue egin? Nola liteke nik Troglodita bati ezer agintzea? uste duzue ekintza bertutezkorik burutuko lukeela nik agintzeagatik, berez eta naturari jarraikiz egin ahal baleza? Ene Trogloditak, nire azkenetan nago; zainetan jada odola karroinztaturik daukat; zuen asaba zaharrak ikustera noakizue laster. Zergatik nahi duzue, beraz, samurtu ditzadan ez Bertutearenean baizik eta beste uztarri baten pean utzi ditudala, esanez?»

Erzeron-dik,
1711. Gemmadi 2.aren ilargiaren 10ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia