CLIX GUTUNA

SOLIM-ek PARISen dagoen USBEK-i

 

        Jaun txit ohoragarria, nitaz eta zutaz urriki dut: sekulan ez da hain zerbitzari leialik nagoen adinako etsimenera erori. Hona zure eta nire zorigaitzak. Dardarez bakarrik idatz diezazuket.

        Aitortzen dut, Zeruko profeta guztien izenean, zure andereak nire eskupean gelditu diren unetik, gau eta egun zaindu ditudala; eta une batez ere ez ditudala baztertu nire kezkak. Zigorrekin hasi naiz nire lanean, eta nire ohiko garraztasunari utzi gabe amaitu ditut.

        Baina zer diotsut? Zertaz harrotu hemen alferrikakoa izan zaizun fidelitateaz? Ahantz itzazu nire zerbitzu iragan guztiak; traidore baten gisara begira nazazu eta zigor itzazu nigan, eragoztea ezinezko izan zaizkidan krimen guztiak.

        Roxana, Roxana harroa! Ai ene! Non fida han gal. Zélis-ez susmo gaiztoak zenituen eta segurtasun osoa, aldiz, Roxanarengan. Baina bere bertute harroputza gezur hutsa zen: bere gaiztakeriaren estalkia. Gazte baten besoetan aurkitu nuen. Nik ikusi bezain laster niregana etorriz bi puñal kolpe eman zizkidan. Zarata entzundakoan korrika iritsi ziren eunukoek inguratu zuten. Luze defenditu arren eta hainbat zauritu egin ondoren, Roxanaren gelan sartu nahi zuen, haren begien aurrean, zioen, hiltzearren. Baina, azkenean, taldeari amore emanez gure oinetan erori zen.

        Ez dakit, Jaun txit gorena, zure agindu garratzak itxarongo ditudan, nire esku utzi duzu zure mendekioa, ez dut, beraz, luzatzen utzi behar.

Ispahan-go anderenetik,
1720ko Rebiab 1.aren ilargiaren 8an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia