CLVII GUTUNA

ZACHI-k PARISen dagoen USBEK-i

 

        Ai ene! zigortzeko eran ere desohoratu nau basatiak! Lotsa sorrarazten didan zigorra ezarri dit; umilazionerik handienera daramana; nolazpait esan, haurtzarora itzultzen zaituena.

        Lehenik, ahalkez txunditurik zegoen nire arima eta, beraz, ohartzearekin batera haserrea hastera zihoakidan, ene oihuak ganbaretako sabaietaraino iristen zirenean. Gizaki guztien artean ezdeusenari barkamena eskatzen entzun ninduten, hura gero eta lazgarriago bilakatzen zen neurrian.

        Orduz gero, haren arima arrunt eta moldakaitza nireaz nagusitu da. Bere presentziak, bere begiradek, bere hitzek, zorigaitz guztiek desegiten naute. Bakarrik nagoenean, gutxienez kontsolamenduzko malkoak darizkit; baina, nire begibistan dagoenean, amorruak harrapatzen nau, baina ohartuz alferrikakoa dela, etsipenean erortzen naiz.

        Basakeria guzti hauen eragilea zu zarela esatera ausartzen da ankerra. Nire amodioa kendu nahi lidake eta nire bihotzeko sentimenduak zikindu. Onesten dudanaren izena ahoskatzen duenean, ahaztu egiten zaizkit nire kexuak eta jada ez zait hiltzea baizik gelditzen.

        Zure absentzia sufritu dut, eta maitasuna oraindik bizirik daukat, hain baita handia nire amodioa. Gauak, egunak, uneak, dena izan da zuretzat. Harro nintzen nire amodioaz, eta zureak hemen errespetua sortzen zuen. Baina, orain... Ez! umilazione hau ez dezaket gehiago paira. Akatsgabea banaiz itzul zaitez, arren, ni maitatzera berriro. Eta akastun banintz zure oinetan azken arnasa eman nezan.

Ispahan-go anderenetik,
1720ko Maharram-en ilargiaren 2an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia