XIII GUTUNA
USBEK-ek BERAri
Ez nuke jakingo hitz egiten Trogloditen bertuteaz aski. Behin haietariko batek honakoa zioen: «Gure aitak bihar soroa irauli behar du: bi ordu lehenago jaikiko naiz eta iristen denerako iraulia aurkituko du.»
Beste batek zioen bere batean: «Iruditzen zait, arreba maitemindurik dagoela Troglodita gazte hartaz, gure aitari mintzatu behar natzaio ezkontza hau burutzera animatu dadin.»
Behin joan zitzaizkion bati esatera ohoin batzuek saldoa ebatsi ziotela: «Ez diat hori batere gustuko, erantzun zuen, tartean jainkoei eskaini nahiz txahal xuri-xuria nuen eta.»
Entzun zenezakeen ere beste bat hau esaten: «Jainkoak eskertzeko Tenplura joan beharrean nauzu, gure aitak hainbeste maite duen anaiak osasuna ediren berri baitu.»
Edo beste hau: «Bada nire aitaren soroarekin muga egiten duen beste bat, non laboratzen dutenek egunero dauden Eguzkiak kiskaltzeko zorian; bi zuhaitz landaturik ditut gizagaixo horiek atseden har dezaten noizbehinka itzalpean.»
Troglodita guztiak biltzarturik zeuden egun batean zahar bat ustez gaizkilea zen gazte batez mintzatzen ari zela, eta errieta eman ondoren erantzun zioten troglodita gazteek: «Ez dugu uste bera izan denik gaizkilea, baina bera izan bada, ailira hilak bera eta bere familiako azkena.»
Esan zioten ere behin Troglodita bati atzerritar batzuek etxean sartu eta lapurtu egin ziotela dena eramanez: «Maltzurrak ez badira, erantzun zuen, oxala Jainkoek albaletsate ongi balia litezen luzaro».
Hainbesterainoko aro onek, ordea, inbidia sorrarazi zuten eta auzoko herriak bildurik erabaki zuten edozein aitzakiaz saldoak behar zizkietela ebatsi. Erabaki hau ezagutu bezain laster Trogloditek bidali zizkieten mezulari batzuek honela mintzatuz: «Zer egin dizuete Trogloditek? Zuen andereak ebatsi, zuen abereak ostu edo zuen soroak hondatu al dizkizuete bada? Ez. Gizon zuzenak gara gu, eta ez gara Jainkoen beldur. Zer duzue, bada, gura gutaz? Artile beharrean al zaudete jantziak egiteko? Esnea nahi al duzue zuen saldoentzat edo gure lurretako fruituak? Utz itzazue armak: zatozte guregana eta gauza guzti horiek emanen dizkizuegu. Baina zin degizuegu, sakratuenaren izenean, etsai legez sartzen bazarete gure lurraldeetan, herri maltzur baten pare ikusiko zaituztegula eta basa-piztiak baitzinatekeen tratatuko.»
Hitzok mespretxuz entzun zituzten; basa-herriak sartu ziren, bada, armaturik inozentziaz soilik defendituak zirela uste zuten Trogloditen lurrean.
Baina hauek beren buruak zaintzeko ongi prestatuak zeuden; ezarriak zituzten haur eta andereak txoko inguratu baten barnean. Harri eta zur gelditu ziren etsaien maltzurkeriaz eta ez haien kopuru handiaz. Su berria bizturik zeukaten bihotzean; honek aitarengatik hil nahi zuen, horrek bere andere eta semeengatik; hark bere anaiengatik; batek bere lagunengatik; eta denak herri Trogloditaren alde. Hiltzen zenaren lekua berehala hartzen zuen beste batek, denen kausa defenditzeaz aparte hiltze bat mendekatzeko ere prest zegoena.
Hauxe izan zen, bada, Maltzurkeria eta Bertutearen arteko borroka; bilkina baizik bilatzen ez zuten herri alfer haiek lotsagabeki ihesari eman zioten Trogloditen bertutearen aurrean, honek ukitu ere ez zituelarik.
Erzeron-dik,
1711ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 9an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu