CLVI GUTUNA

ROXANA-k PARISen dagoen USBEK-i

 

        Izua, gaua eta beldurra andereneaz jabetu dira: dolu lazgarri batek du inguratzen. Une oroz bere errabia guztiaz ari zait kontra ankerra: beren inozentzia baizik aitortu ez duten bi eunuko zuri tormentupean ezarri dituzte. Gure esklaboetarik parte bat saldu du eta gure artean gelditzen zirenak trukaraztera behartu gaitu. Zachik eta Zélis-ek gaueko ilunpetan beren gelan tratu desohoragarria hartu dute: apo sakrilegoak bere esku ezdeusak ezarri ditu haien gainean. Denak preso gaitu nor bere gelan eta, bakarrik egon arren bertan, aurpegi estaliaz egonarazten gaitu. Ez zaigu zilegi mintzatzea; krimen bat litzaiguke izkriburik errezibitzea; malkoak bakarrik ditugu libre.

        Eunuko tropa berria sartu zaigu anderenean, gau eta egun bakean uzten ez gaituenak; gure loa hausten dute noiz nahi beren mesfidantza benetako edo alegiazkoez. Kontsolatzen nauen gauza bakarra da, honek ez duela luzaro iraunen, eta pena hauek nire bizitzarekin batera bukatuko direla. Ez da luzea izanen, Usbek krudela! Ez dizut irain guztiok eteteko astirik ere emango.

Ispahan-go anderentik,
1720ko Maharram-en ilargiaren 2an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia