CLV GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-en dagoen NESSIR-i
Zoriontsuak bizi ezti eta lasai baten balioa jakinik beren bihotzak familian pausatzen dutenak eta sorterria baizik ezagutzen ez dutenak!
Klima gaitz batean bizi naiz, nardatzen nauten gauzetan nago eta ez interesatzen didatenetan. Tristura goibel batek menderatzen nau; neke izugarri batek desegiten: badirudit deusezten ari naizela, eta neure burua ez dezakedala aurki, bekaizgo ilun batek barrenean izua, susmoak, gorrotoa eta doluak bizten eta erditzen ez dizkidaino.
Ezagutzen nauzu, Nessir: beti ikusi izan duzu nire bihotzean zurean bezala. Urriki natzaizuke bazeneki nire egoera tamalgarria. Batzuetan sei hilabete itxaron behar izaten dut andereneko berriak jakiteko; nire egonezinak gero eta luzeago egiten dizkidanak, eta hainbeste itxaroten nituenak iristear direnean, bat-bateko asaldamendua sortzen dit bihotzean: dardarez dago nire eskua zorigaitza iragartzen didan gutuna ireki beldur. Etsipenez betetzen nauen kezka larri honek azkenean izan dezakedan egoerarik zoriontsuena sortzen dit, eta bertatik mila heriotza baino latzago izanen den eta aterako nauen kolpe krudelaren beldur naiz.
Baina, nire sorterritik irteteko arrazoinik izan dudan eta nire erretiroari bizitza zor diodan arren, ezin dut gehiago, Nessir, ez dezaket sufri areago desterru izugarri hau! E! ea ez naizen hiltzen nire penen eta doloreen bazka! Mila aldiz eskatu diot Rica-ri utz dezagun lur arrotz hau; baina nire erabaki guztien kontra altxatzen da: mila aitzakiaz hemen lotzen nau; badirudi bere jaioterria ahantzia daukala, edo areago, balirudike nitaz ere ahaztu dela, hain baitu nire desplazerez ardura gutxi.
Zein dohakabea naizen! Nire sorterrira itzuli nahi dut, agian dohakabeago izateko! E! Zer eginen dut? Neroni neure etsaien menpe utzi. Ez da hori dena: sartuko naiz anderenean; eta ez nengoen garai zorigaiztoan gertatutakoez kontu hartuko diet. Eta errudunak aurkitzen baditut, zer egin? Hain urrun egonik ideia hutsak lehertzen banau, zer ez zait gertatuko han egongo naizenean eta dena biziago egitean? Zer ez ote dut pairatuko nire begi-belarriz ikustean eta entzutean, nire irudimenak beldurrez irudikatu nahi ez didana? Zer, azken finean, neronek erabakitako zigorrak, nire nahasmendu eta etsipenaren ezaugarri baizik ez direnean izanen?
Bere barnean zaintzen dituen andereentzat baino niretzat izugarriagoak izanen diren murruetan presondegiratuko naiz. Nire susmo guztiak eramanen ditut neurekin; beraien bailakoek ez didate deus ere ezkutatuko; nire ohean, beraien besoetan, nire kezkez baizik ez dut gozatuko; gogoetarako hain txarrak diren garaietan, nire jeloskeriak eraginen ditu. Giza Naturaren hondakin ez duinak, maitasunaren sentimendu guztietan betirako bihotza itxita izanen duzuen esklabo ezdeusak, ez zeniokete urrikirik izanen zeuen egoerari, jakinen bazenute nirearen malura.
Parisetik,
1719ko Chahban-en ilargiaren 4ean.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu