CLIII GUTUNA

USBEK-ek ISPAHAN-go anderenean dagoen SOLIM-i

 

        Hire esku burdina. Munduan daukadan gauzarik maiteena, nire mendekioa hire esku uzten diat. Sar hadi ofizio berri horretan; baina ez ezak ukan, ez bihotzik, ez gupidarik. Idatzi zieat nire andereei itsuki jarraiki dakizkian. Hainbeste krimenen aurrean hire begipean eroriko dituk. Nire zoriona eta atsedena beharko dizkidak itzuli. Itzul hakit nire anderenea utzi nian bezala; baina, has hadi garbiketa egiten. Akabatu hitzak errudunak, eta izuaraz hobendun izateko zorian direnak. Halako zerbitzu seinalatuek hire nagusiaren saria izanen ditek! Hire esku daukak, bada, heure gradutik gora igotzeko eta inoiz amestu gabeko sarien irabazle izateko aukera.

Parisen,
1719ko Chahban-en ilargiaren 4ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia