CLII GUTUNA

NARSIT-ek PARISen dagoen USBEK-i

 

        Roxanak eta Zélis-ek hiritik kanpo joan nahi zuten eta iruditu zait ez niela ukatu behar. Usbek zoriontsua! andere fidel eta esklabo erneak dituzu: balirudike bertuteak bere pausalekutzat hautatu egoitzetan agintzen ari naizela. Zaude lasai, ez baita deus ere gertatuko zure begiek ikus ez lezaketenik.

        Gertatu da, ordea, pena handia eman didan zorigaitza. Ispahan-era iritsi berriak ziren armeniar merkatari batzuek, niri zuzenduriko zure gutunetarik bat ekarri zidaten; bidali nuen esklabo bat bila; lapurtua izan da itzuleran eta gutuna galdu egin da. Idatz iezadazu bada azkar: ezen uste dudan aldaketa honekin, izanen duzula zer agindu.

Fatmé-ko anderenetik,
1719ko Rebiab 1.aren ilargiaren 6an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia