CLI GUTUNA

SOLIM-ek PARISen dagoen USBEK-i

 

        Luzaroago isilik banengo anderenean dituzun gaizkin guzti hauek bezain hobendun nintzateke.

        Eunuko Handiaren salataria nintzen, zure esklaboen artean fidelena. Hil zorian zegoelarik deitarazi ninduen eta hitzok esan zizkidan: «Hiltzera noa; baina bizi hau uzterakoan daukadan pena bakarra nire nagusiaren andereak hobendun ikustea da. Aileza Zeruak desira datozkion gaitz guztietarik libratzea! Ailetor nire itzal mehatxagarria nire heriotzondoan abisatzera euren egitekoez maltzur hauei, eta ahal izanez gero ailitu ikara! Hona hemen leku beldurgarriotako giltzak. Eramazkiozu beltzetarik zaharrenari. Baina ni hil ondoren begirantza ezik bada, zure nagusiari abisua pasa iezaiozu.» Hitzok bukatu eta azken arnasa eman zuen nire besoetan.

        Badakit zer idatzi zizun zure andereen portaeraz zertxobait hil aurretik; bada anderenean gutun bat berarekin izua zeramakeena irekia izan balitz. Zuk idatzitakoa hemendik hiru legoatara aurkitua izan zen. Ez dakit zergatik, baina dena gaizki dabil.

        Alabaina zure andereek ez dute inoren errespeturik: Eunuko Handiaren heriotzondotik, balirudike dena zilegi zaiela. Roxane da bere egitekoa eta modestia gorde duen bakarra. Egunetik egunera ohiturak galtzen ari dira. Ez da jadanik agertzen zure andereen aurpegietan lehengo bertute azkar eta garratzik: bozkario berri bat, orotan zabaldurik, nire ustez, plazer berriren baten lekuko ezin desegina da; gauzarik ttipienetan nabaritzen dut orain artean ezezagun ziren askatasunak. Beren egitekoetarako eta amen betetzeko ere, halako nagikeria ikusten ari naiz zure esklaboen artean, eta honek harritzen nau: ez dute jada anderene guztian zehar zure zerbitzuan animatzen zien, hala zirudien bederen, garai bateko sukarrik.

        Zure andereek zortzi egun eman dute hiritik kanpo, zure etxe urrunetariko batean. Diotenez, esklabo zaindaria erosia zuten, eta egun bat haiek iritsi aitzin, gela printzipalaren murruan egina zen harrizko zulo bat, bi gizon gordetzearren, bertatik atera omen zirelarik gu erretiratu bezain laster. Gutaz arduratzen den eunuko zaharra dena sinesten duen tentel amorratua da.

        Mendekio egarriz beterik daukat bihotza hainbeste saldukeriaren aurrean, eta Zeruak nahiko balu gobernatzeko duin eta gai zuk ni kontsideratzea, segurtaturik zenuke zure andereen bertutea ez balitz, gutxienez euren fideltasuna.

Ispahan-go anderenetik,
1719ko Rebiab 1.aren ilargiaren 6an.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia