CXLIX GUTUNA

NARSIT-ek PARISen dagoen USBEK-i

 

        Jaun txit Gorena, Eunuko Handia hil berria da. Zure esklaboen artean zaharrena naizenez, haren lekua hartu dut zuk erabaki arte zein den zure hautatua.

        Bere heriotza eta handik bi egunera bidali zenion gutun bat ekarri didate; ez dut irekitzeko ausardiarik ukan: errespeturik handienarekin gorde dut zure borondate sakratuak jakin arte.

        Atzo gauerdian esklabo bat etorri zitzaidan esanez, gazte bat aurkitu zuela anderenean. Jaiki nintzen, begiratu nuen zorrozki zer gertatzen zen, eta irudimen hutsa zela ohartu nintzen.

        Zure oinak muintzen ditut, Jaun txit Gorena, eta eskatzen nire karrean, nire esperientzian, eta nire zahartasunean fida zaitezen.

Ispahan-go anderenetik,
1718ko Gemmadi 1.aren ilargiaren 5ean.

 

 

 

© Montesquieu

© itzulpenarena: Patri Urkizu

 

 

"Montesquieu / Pertsiar Gutunak" orrialde nagusia