XII GUTUNA
USBEK-ek ISPAHAN-en dagoen BERAri
Neure Nirza maitea, ikusi duzu nola Trogloditak beren gaiztakeria hutsaz desagertu eta beren injustizia propioen pairatzaile gertatu ziren. Hainbeste familiaren artean bi bakarrik eskapatzea lortu ahal izan zuten Nazioaren desgrazietarik. Baziren herri honetan bi gizon benetan bitxiak; gizatasunez beteak, justizia ezagule eta bertutearen onesle ziren. Beren bihotzen zuzentasunaz adina besteen korrupzioneaz lotuak, ikusten zuten hondamen jenerala eta urrikalmendua soilik sentitzen zuten; batasun berri baten zioa zen. Arta berdinaz lan egiten zuten denen onaren alde: beren arteko ezberdintasunak ez zetozen adiskidetasun ezti eta gozo batez sortzen denetik baizik; eta lurraldeko lekurik apartatuenean haien presentzia merezi ez zuten erkideengandik urrun, bizi lasai eta zoriontsua zeramaten. Bazirudien lurrak halako esku artatsuz landua berez ematen zituela fruituak.
Beren emazteak maite zituzten eta hauek gisa berean erantzuten. Arreta guztia haurrak bertutean heztea zuten ipinia. Eten gabe erakusten zieten, zein nolako gaitzak pairatzen zituzten erkideek, eta bista aurrean ezartzen eredu triste hura; interes partikularrak eta denenak bat zetozela sentiarazten zieten batik bat; eta bide honetatik irten nahi izatea galbidean sartzea zela: bertutea ez zela gostatu behar zitzaien zerbait, ez zutela kontsideratu behar ariketa zail baten moduan, zerbait gustagarri bezala baizik, eta besteekin darabilkigun justizia gurekiko daramagun karitatea dela.
Agudo ukan zuten guraso bertutetsuek ohiko kontsolamendua, alegia, beren isla ziren semeak. Bista aurrean hazten ari zitzaien jende gaztea ezkontza zoriontsuz ugaritu zen; batasunak jarraitu zuen eta bertutea multzoan ahuldu ordez sendoagotzen joan zen eredu ugarien bultzadaz.
Nork lezake hemen pintatu Troglodita hauen zoriona? Halabeharrez Jainkoek maite zuten herri hau. Begiak ireki unetik haien beldur zen eta Erlijioak Naturak ohituretan latzegi eta garratzegi ipinia eztitu eta goxatu bide zuen.
Jainkoen ohoretan bestak antolatzen zituzten: neskatxak eta mutikoak lorez apainduak dantzan, salto eta brinko basa-musika baten aldean ospatzen zituzten. Ondoren bazkaria zetorren, non alaitasunaren araberakoa izaten ohi zen jan-xuhurtasuna.
Batzar hauetan batez ere Natura sinpletasunez mintzo zen: hantxe ikusten zen, nola egin zitekeen bihotz-trukea; hantxe, neskatxek, begitarteak ahalkez gorrixtatuak, berehala gurasoen oniritzia lortzen zuten amodio herriak aitortzean, eta hantxe amek samurtasunez eta hozkarioz ikusten zituzten urrundik elkartze ezti eta leial haiek.
Jainkoen faboreak eskatzera Tenplura joaten ziren; eta ez zen hemen ageri, ez aberaskeria, ez oparotasun kariorik; horrelako opari garestiak ez zegozkien Troglodita zoriontsu haiei, herrikideentzako bakarrik baitzituzten hauek desiratzen. Gurasoen osasuna, anaien batasuna, emazteen eztitasuna, semeen amodioa eta obedientzia eskatzeko ziren soilik belaunikatzen aldare aurrean. Beren alabek bihotzen opari eztia eskaintzen zuten eta Trogloditek zoriontsu izateko grazia besterik ez zuten eskatzen.
Arratsaldero saldoak utzi eta idiak akiturik gurdia hildu zutenean, afari apal baten inguruan biltzen ziren, ondoren lehen Trogloditen injustizia eta zorigaitzak kantatzen zituztelarik, hala nola hazten zihoakien herri berriaren bertute eta zoriona. Jainkoen handitasunak loriatzen zituzten, nola haien gizon zintzoei inoiz beren faboreak ez zieten ukatzen, eta nola haien beldur ez zirenek sufritu behar zuten haien kolera saihestezina; hala kontatzen bide zuten ere baserriko bizi delizios hura, zein nolako zoriona zerion bizimodu inuzente hari. Honela bada, goiz erretiratzen ziren lotara, hau ez ardurek, ez kezkek ez zutelarik goibeltzen inoiz.
Askiesten zuten beren desio eta beharretarako Naturak eskaintzen ziena. Herrialde zoriontsu honetan, gutiziak arrotz ziren eta elkarri opariak egiten zizkioten, emailea beti gehiago hartu zuelakoan baitzegoen. Trogloditen herriak bere burua familia bakarreko zeukan; saldoak ia beti nahasirik zebiltzan, ordinariozki hartzen zuten ardura bakarra hauek banatzearena zelarik.
Erzeron-dik,
1711ko Gemmadi 2.aren ilargiaren 6an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu