CXLVI GUTUNA
USBEK-ek VENEZIAn dagoen 1tHEDI-ri
Badu denbora luzea esan dela ministerio baten arima fede onean datzala.
Partikular batek bizi duen ilunpeaz goza dezake: eta zenbait jenderen aurrean soilik gal kreditua; besteen aurrean itxurak gorde ditzake; baina zuzentasunaren aurka huts egin duenak, jendeak bestainbat lekuko eta epaile ditu.
Ausartuko ote naiz esatera? Zuzentasunik ez duen ministro batek egiten duen gaitzik handiena ez da bere printzeari desobeditzea eta bere herria arruinatzea; nire iritziz, bada oraindik mila aldiz arriskugarriagoa den gaitza: ematen den etsenplu txarra.
Badakizu luzaro ibilia naizela Indietarik. Han ikusia dut nazio bat, berez emankor zena une batez desbideratua, hasi azken menpekoekin eta handienenganaino, ministro baten etsenplu txarragatik. Herri osoa ikusi dut, berez, betidanik kalitate naturaltzat zituen emankortasuna, zuzentasuna, sinpletasuna eta fede ona, bat-batean galduz, herrietarik azkena izatera iristen; gaitza hedatzen eta lohiadar garbienak kutsatzen; gizonik bertutetsuenak ez duin bilakatzen, eta justiziaren lehen hastapenak bortxatzen, bortxatua izan den aitzakia banoa ezarriz.
Ekintzarik itsusienen aurrean lege gorrotagarriak onartzen, eta hala injustiziari, nola fede txarrari halabeharra deitzen.
Ikusi ditut itunak hautsiak, konbentziorik sainduenak deuseztatuak, familia lege guztiak iraulita. Ikusi ditut zordun zuhurrak, bere gabeziaz harro, denboren laztasun eta legeen furiaren erreminta duin ez zirenak, ordainketa bat egin beharrean itxurak egiten, eta bere ongileen barneraino aiztoa sartzen.
Ikusi ditut ere besteak, duintasun gutxiagorekin oraino, ia ezeren truke haritz hostoak erosten edo lurretik biltzen, eta ezartzen alargun eta umezurtzen elikadura ordez.
Ikusi dut maiz aberastasun egarri ase-ezina bihotz guztietan sortzen. Ikusi ditut eratzen istant batean aberasteko asmoz elkarte ilun izugarriak, ez lan eta antze emankor baten ondorioz, baizik eta Printzearen, Estatuaren eta hiritarkideen erreka jotzearen bitartez.
Ikusi dut hiritar zintzorik oheratzen honakoa bere buruari zioelarik: «Gaur errekara eraman dut familia bat, ea bihar eramaten dudan bestea.»
«Banoa, zioen beste batek, eskuan tintalumatokia eta belarrian burdin zorrotza daraman beltz batekin, akabatzera zorretan ditudan guztiak.»
Zioen beste batek: «Ikusten ari naiz ongi doazela nire arazoak. Egia da, duela hiru egun ordainketa bat egitera nindoala, familia oso bat utzi nuela negarrez, bi neskatila jatorren dotea xahutu nuela, eta heziketa ukatu niola mutiko bati. Aita dolorez hilen da, ama penez akabatuko; baina nik Legez zilegi dena besterik ez dut egin.»
Ba ote da ministro batek nazio osoaren ohiturak kutsatzea, anima bihotz-zabalenak itsustea, duintasunen dirdira histea, bertute bera iluntzea eta jaiotzarik gorena orokor mespretxura beheititzea baino krimen handiagorik?
Zer esanen ote du geroak bere gurasoen lotsaizun bilakatu denean? Zer esanen ote du jaioko den herriak konparatzean bere asaba zaharren burdina gurasoen urrearekin? Ez dut batere dudarik nobleek beren armarrietarik desohoratzen dituen noblezia gradua kenduko dutela eta egungo belaunaldia utziko dutela berak bilatu hondamendiaren ezerezean.
Parisetik,
1720ko Rhamazan-en ilargiaren 11an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu