CXLV GUTUNA
USBEK-ek ***-i
Zail da aurkitzea buru argi bat elkarteetan. Pertsona gutxi bilatzen ditu honek; aspertu egiten dute jende pilo horiek, berak konpainia kaxkarrak deituak; ezinezkoa da bere disgustua pittin bat azal ez dezan eta hala egiten ditu etsaiak.
Seguru dagoenez gustagarri bilaka daitekeela, ez da arduratzen oso maiz hala gerta dadin.
Kritikarako joera dauka, besteek baino sakonago ikusten eta bereizten baititu gauzak.
Ia beti bere fortunak erreka joa du, bere adimenak horretarako bitartekari gehiago ematen baitizkio.
Bere eginbideetan potto egiten du, gehiegi arriskatzen duelako. Hain urrun dihoakion bere bistak, urrunegi dauden gauzak ikustarazten dizkio. Kontutan hartu gabe egitasmo baten sorreran, gauza beretik datozen oztopoek gutxiago hunkitzen dutela bereak dituen, eta bere baitarik sortu dituen erremedioak baino.
Ia negozio handi gehienen arrakasta baldintzatzen duten detaile ttipiak mespretxatzen ditu.
Gizon arrunta, ordea, orotaz baliatzen saiatzen da: bai baitaki ez dezakeela utz arduragabekeriaz ezer kontutan hartu gabe.
Denek onartzen dute gizon arrunta. Mundu guztia pozik dago honi emanez eta kontent hari kenduz. Inbidiak begi guztiak baten kontra ezartzen dituen bezala, ezertxo ere barkatzen ez zaiolarik, dena ordezkatzen du bestearen onerako: banitatea honengan ipiniz.
Baina talentuzko gizonak hainbeste alde kontra dituela, zer ez dugu esango jakintsuen egoera latzaz?
Ez dut hauetaz inoiz pentsatzen, bururatu gabe bere lagun bati hauetariko batek idatzitako gutuna. Hona hemen:
«Jauna,
»Gauero, hogeita hamar oindun betaurreko batzuez, gure buru gainean jirabiraka dabiltzan gorputz handi horiek begiratzen duten gizona natzaizu; eta, atsedenalditxoa hartu nahi dudanean, nire mikroskopio txikiak hartu, eta pipi edo xinaurri bat ikertzen dut.
»Ez naiz aberatsa, eta ez dut gela bat baizik; ez naiz sua bertan piztera ere ausartzen, bertan baitaukat nire termometroa eta igoarazi eginen bailuke bero arrotzak. Iragan neguan, hotzez akabatzeko zorian nengoela, eta termometroak gradurik beherena adierazten zuela ohartaraziz nire eskuak jelatzera zihoazela, ez nintzen hartaz arduratu, eta iazko urte guztiko tenperatura aldaketa ttipienez kontu zehatza daukadan kontsolamendua dut.
Oso gutti komunikatzen naiz besteekin, eta ikusten ditudan jende guztietarik ez dut inor ezagutzen. Baina badut Stockholm-en gizon bat, bestea Leipsick-en, eta hirugarren bat Londresen, inoiz ikusigabeak, eta dudarik gabe inoiz ikusiko ez ditudanak. Hauekin gutun gurutzatze zehatz eta etengabea dut, eta ez dut kurrier bat pasatzen uzten, horiei idatzi gahe.
Nire auzoan inor ez ezagutu arren, eta fama txarra dudanez azkenean utzi egin beharko dut. Duela bost urte, nire auzotar batek bortizki iraindu ninduen, berea omen zen zakur baten disekzioa egiteagatik. Han aurkitzen zen harakin baten andrea bere alde atera zen, eta honek ere hitz lodiz betetzen ninduen bitartean, hark harriz kolpatu gintuen ni eta nirekin zegoen *** doktorea. Honek kopetako eta okzipitaleko hezurrean kolpe handi bat hartu zuen, eta ondorioz bere arrazoinak asko galdu du.
Orduz gero, kale ixkinan zakurren bat hiltzen denetik, erabakirik dute ni naizela hiltzailea. Txiki bat galdu zuen hiritar on batek, eta maite zuena, zioenez, bere haurrak baino gehiago, nire gelara etorri eta bertan konortea galdu zuen, eta han ez zuelarik aurkitu epaileengana deitu ninduen. Nik uste, ez naizela sekulan aske izanen andere hauen gaiztakeria maltzurretatik, beren garrasi izugarriez txunditzen bainaute, kantatuz, hamar urtez geroztik hil diren automata guztien heriotza-eresiak.
Ni... naiz, ea.»
Garai batean jakintsu guztiak magiaz akusatuak ziren. Ez naiz batere harritzen. Nork bere buruaz zioen: «Naturak emandako talentuak iritsi daitezkeen mugaraino eraman ditut; alabaina, badago jakintsu bat nire gainetik: seguru deabruarekin tratua duela.»
Egun, horrelako salaketek fede guztia galdu dutelarik, beste bide bat hartu dute, eta jakintsu bati ia ezinezkoa zaio fedegabe izateaz edo heresiaz salatu ez dezaten. Ez dio batere axolarik herriak barka dezan: zauria eginik dago; ez da sekulan itxiko ongi. Beti izango zaio une eritua. Etsai bat, hogeita hamar urte beranduago etorriko zaio apalki esatera: «Ailetsa Jainkoak ez nezan esan egia zenik salatzen zizutena; baina zure burua defenditzera beharturik aurkitu zinen.» Honela zuriketa bere kontra altxatzen da.
Historiaren bat idazten badu, arnas goitiarrez eta bihotz zuzenez, mila pertsekuzio pairatuko ditu. Epailea bere kontra jasoko dute, duela mila urte iragan ekintza batez; eta saiatuko dira, salgai ez badago bere luma, ez dadin aske izan.
Pentsio erdipurdiko batez bere sinestea abandonatzen duten gizon ahul horiek baino zoriontsuago izanen da, ordea; xehetasunez jasoez geroz gezur guztiak hauei ez lizkiekete ordainduko bi sos denengatik; Inperioaren konstituzioa aldatu, botere baten eskubideak guttitu, beste batenak altxatu, printzeei eman, herriei kendu, eskubide zaharrak berpiztu, garaiko pasiorik hobetsienak laudorioz bete, eta tronukoen bizioak goraipatu; guzti horren egileek geroa engainatu nahirik, hainbat dorpeago, zenbat haren lekukotasuna desegiteko aukera gutxiago duten.
Baina ez dira egile baten aurkako irain guztiak horrekin bukatzen; ez zaio aski kezka larrian egon izana bere obraren arrakasta dela eta: azkenean argitaratzen da hainbeste kostatu zaion obra; alde guztietarik sortzen zaizkio auziak. Eta nola saihets litzake? Iritzi batekoa da; bere idazkietan sostengatu du; ez zekien berrehun legoa urrun zegoen beste gizon batek zeharo kontrakoa esan zuenik. Hona, ordea, gerra deklaratua.
Estimu pittin bat lortzerik balu ere! Ez: bere zientzia kideez soilik izanen da estimatua. Burua ekintzez beterik daukan gizonaz mespretxu osoa dauka filosofoak; zein, era berean, memoria ona daukan gizonak amesle baten antzera ikusiko duen.
Harro-harro direnek beren ezjakintasunarekin, nahiko lukete, beraietxek izanen diren bezala, Gizadi osoa ahantzia izan ledin.
Antze batez gabetua den gizonak, beraxe gutxietsiz lasaitzen da: halaxe meritua eta bere artean aurkitzen duen oztopoa gainditzen du eta ikaratzen duten ekintzen egilearen maila berean aurkitzen du bere burua.
Azkenik, jakintsuen duda-mudazko famari, plazerik gabeko bizitza eta osasun galtzea erantsi behar zaizkio.
Parisetik,
1720ko Chahban-en ilargiaren 26an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu