CXLIV GUTUNA
RICA-k USBEK-i
Duela egun batzuek hemen oso ospetsuak diren bi jakintsu aurkitu nituen hiritik kanpoko etxe batean. Hauen nortasuna miresgarria iruditu zitzaidan. Lehenaren solasa ongi aztertuz gero honetara mugatzen zen: «Hau egia da, nik esan dudalako.» Bigarrenaren elkarrizketak beste honakoa adierazten zuen: «Esan ez dudana ez da egia, ez dudalako nik esan.»
Aski estimatzen nuen lehena: zeren egoskorra izatea gizon bat bost axola zaidan; baina ozarra izateak bai, asko inporta dit. Lehenak bere iritziak sustengatzen ditu; bere ongia da. Bigarrenak besteenak ditu erasotzen, eta hori mundu guztiaren ongia da, aldiz.
O! ene Usbek maitea! zein den itsusi harrokeria naturaren eusteko behar dena baino handiagoa denean! jende hauek miretsiak nahi dute izan higuingarri izatearen poderioz. Besteen gainetik ageri nahi dute, eta ez dira pareko izatera iristen.
Zatozte, gizon apalak, besarkatzen zaituztet: bizitzaren eztia eta xarma zarete. Uste duzue ez duzuela deus, eta nik diotsuet dena duzuela. Pentsatzen duzue inor ez duzuela umiliatzen, eta mundu guztia duzue apalarazten. Eta nire buruan konparatzen zaituztedanean edonon aurki daitezkeen gizon harroputz horiekin, beraien gailurretik jaitsarazten ditut zuen oinetara.
Parisen,
1720ko Chaban-en ilargiaren 22an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu