CXLIII GUTUNA
RICA-k NATHANAEL LEVI-ri,
LIVORNO-n dagoen mediku juduari
Galdetzen didazu ea zer pentsatzen dudan kuttunen bertuteez eta talismanen botereaz. Zergatik zuzentzen zara nigana? Zu judua zara eta ni mahometanoa; hau da, biok aski fededunak gara.
Nirekin daramatzat beti Alkoran sainduaren bi mila pasartetik gora; nire besoetan lotzen dut poltsatxo bat, bertan berrehun derbitxeren izenak baino gehiago idatziak daudelarik: Ali-renak, Fatmé-renak eta Aratz-en guztiak nire arropetako hamaika lekutan gordeak ditut.
Alabaina ez dut ezertxo ere zenbait hitzari ematen zaion bertute hau onartzen ez dutenen kontra: askoz ere zailago zaigu beren arrazoinei erantzutea gure esperientziei baino.
Trapu-tzar sakratu hauek ohitura zahar bategatik daramatzat, eta modu unibertsal batera egokitzeagatik; uste dut ez dutela eramaten dugun edozein eraztun, edo beste hornimendu batek baino bertute handiagorik, ez eta txikiagorik. Baina zuk konfiantza osoa ikur misteriotsu batzuengan ezartzen duzu, eta begirale hori gabe ikara osoan zinateke.
Zein malerusak diren gizonak! Esperantza faltsu eta beldur irrigarrien tartean beti, arrazoinean oinarritu ordez, munstro beldurgarri, edota liluratzen dituzten fantasmak sortzen ari dira beti.
Zer eragin nahi duzu izan dezan ikur batzuen kokatzeak? Zer eragin uste duzu ukan dezakeela bere kentzeak? Zer lotura dute horiek haizeekin, ekaitzak bare ditzaten; kanoien bolborarekin, honen eragina garaitzeko; medikuek deitzen duten eritasunen humore gaizkile eta zergati erigarriarekin, senda ditzaten?
Harrigarria dena da, beren buruak nekatzen dituztenak bertute ezkutu batzuei gertaera zenbait lotu nahiz, aski dutela esfortzu ttipi bat egitea zergatiak aztertzen benetakoa jakiteko.
Esango didazu xarmadura batzuek batailaren bat irabazi dutela; eta nik, esango dizut itsua behar dela izan, ez aurkitzeko zio aski lur gaineko kokamenduan, soldaduen kuraia edo kopuruan, kapitainen esperientzian, ezagutu nahi ez duzun kausaren emaitza bera lortzeko.
Eman dezadan une batez gertatzen direla liluramenduak. Halaber, memento batez, amore eman ezazu eta demagun ez dela, ez baita ezinezkoa. Zuk ematen didazunak ez die bi armadei eragozten elkarrekin guduka dezaten. Uste duzu, hala gertatuez gero, inor ez dela irtengo garaile? Uste duzu, zoria dudakor izanen dela, botere ikusiezin batek erabaki arte. Kolpe guztiak alferrik, zuhurtasuna guztia hutsala, eta kurai guztiak ezeren truke izanen direla? Uste duzu, heriok, okasio hauetan mila era ezberdin hartzen dituenak, ez dezakeela animoetan beldur izugarriak eta ia esplikaezinak sorrarazi? Uste duzu ehun mila gudari dituen armada batean ez dagoela bat ere heraberik? Uste duzu honen bihotz ahuleziak ez dezakeela besteen ahulezia eragin? Bigarrenarenak hirugarrena, eta honek laster laugarren batena? Bada, ez da gehiagorik behar garaile ateratzeko etsipena, arin-arin zabaldu dadin armada osoan, eta zenbat eta ugariagoa izan hau, orduan eta azkarrago harrapa dezan.
Mundu guztiak daki eta nabarmena da gizonek beren buruak maite dituzten kreatura guztiek bezalaxe, pasio handiz maite dutela. Hori orokorrean gauza jakina delarik, zergatik harritu behar da okasio berezi batean galtzeko beldurra ukan dezaten!
Nazio guztietako liburu sakratuak izu bitxi edo naturaz gaindiko hauetaz beteak izan arren, nik ez dut aurkitzen arinkeria handiagorik, zeren, mila zio natural ezberdinek sor dezaketen emaitzak, naturaz gaindiko zergatia duela segurutzat emateko, aldez aurretik ikertu beharra dagoen, beste kausa guztietarik baten batek ez duela obratu, eta hau, noski, ezinezkoa da.
Ez dizut gehiago esanen, Nathanael: badirudit gaiak ez duela merezi hain serioski tratatua izan dadin.
Parisetik,
1720ko Chaban-en ilargiaren 20an.
P.S. Bukatzen ari nintzela, Pariseko mediku bati kalean entzun diot oihukatzen Probintziako mediku baten gutuna (hemen bitxikeria guzti hauek moldiztegiratzen, plazaratzen eta erosten baitira); eta iruditu zait merezi zuela bidaltzeak, gure gaiarekiko zerikustekorik baduenez.
PROBINTZIAKO MEDIKU BATEN GUTUNA
PARISEKO MEDIKU BATI
Bazen gure herrixkan gaixo bat loak ezin harturik hogeita hamabost egun. Bere medikuak opium hartzea agindu zion; baina ez zen animatzen hartzera, edontzia eskuan inoiz baino dudakorrago gelditzen zen. Azkenean bere medikuari esan zion: «Jauna, bihar arte bakarrik eskatzen diot epe luzamendua: ezagutzen dut medizina praktikatzen ez duen gizona, baina etxean hamaika erremedio dituena loezinaren kontra. Bila bidaliko dut, eta agintzen diot, gaur loak ez banau hartzen, itzuliko natzaiola.» Irten zelarik medikua, eriak itxiarazi zituen leiho-oihalak eta lekaitxo bati esan zion: «Begira, hoa Anis jaunaren etxera, eta esaiok etortzeko nirekin hitz egitera.» Anis jauna iristen da. «Ene Anis, jaun maitea, hiltzera noa: ez nazake loak har. Ez ote duzu zure botikan La C. du G. edo saldu ezinik debozionezko libururen bat, R.P.J.-k idatzitakorik? Zeren erremedio gordeenak izaten ohi diren hoberenak. — Jauna, esan zuen liburu saltzaileak, badut Aita Coussin-en La Cour Sainte sei liburukitan, nahi baduzu; bidaliko dizut; eta espero dut gogoz irakurriko duzula. Nahi baduzu jesuita espainolaren, Aita Rodriguezena ere badut. Baina sinets nazazu eta geldi gaitezen Aita Caussin-enarekin; espero dut Jainkoaren laguntzaz, Aita Caussin-en perpaus batek La C. du G.-ren orrialde oso batek baino ondorio hobeagoak emanen dituela. «Ondoren Anis jauna irten eta bere botikara joan zen erremedioa bila. Iristen da La Cour Sainte, hautsa kentzen dio; eriaren seme estudiantea hasten da irakurtzen. Berehala honek sentitu zuen eragina: bigarren orrialderako, hitzak erdi ebaki ezinik zebilen, eta konpainia osoa loak hartzen hasia zen. Une bat geroxeago denak ari ziren zurrungan, eria salbu, zein, luzaro iraun arren, azkenean loak errenditu zuen.
Medikua goizean goiz iritsi zen. «Ea, bada, hartu al duzu nire opiuma?»Inork ez zion erantzun: ama, alaba, mutikoa, denak bozkarioz beterik Aita Caussin erakutsi zioten. Ea zer zen hura galdetu zuen. Ihardetsi zioten: «Biba Aita Caussin. Ongi jostera bidali behar dugu. Nork esan? Nork sinista? Mirakulu bat da. Hona, Jauna, ikus bada Aita Caussin; liburuki honek lokarrarazi du nire aita. «Eta hau esandakoan gertatutako beste guztia kontatu zioten. Medikua gizon sotila zen, Kabala-ren misterioez eta hala hitzen, nola izpirituen botereaz jantzia. Honek hunkitu zuen eta gogoeta zenbaiten ondoren, bere ariketa zeharo aldatzea erabaki zuen. «Hona hemen, esan zuen, kasu berezi bat. Esperientzia bat egin dugu; aitzina. E, zergatik izpiritu batek ez diezaioke bere obrari pasa berak dituen kalitate beraietxek? Ez al dugu egunero hori ikusten? Bederen, merezi du saiatzeak. Asperturik nago botikariekin: beren jarabe, beren saltsa-maltsa eta medizina droga guztiekin eriak eta hauen osasuna galtzen dituzte. Alda dezagun metodoz; sendi ditzagun izpirituen bertutea.» Ideia honen gainean farmazia berri bat eraiki zuen, ikusiko duzunez praktikan ezarri zituen erremedio printzipalen deskripzionea eginen dizudalarik.
Purga Tisana
Har bitez Aristotelesen grezierazko Logika-tik hiru orri, eskolastikoen teologia tratatu zorrotzenetik (adibidez, Scottus sutilenetik) bi orri, Paracelsius-en lau orri, bat Avicena-rena, sei Averroesenak, hiru Porphirius-enak, bestainbat Plotinus-enak eta Jamblicus-enak. Ur beroan ezarri hogeita lau orduz denak, eta edazazue lau aldiz egunero.
Purga Bortitzagoa
Har bitez hamar A..., C...-renak B...-ri dagozkionak eta I...en C...-a; mainu mariatik iragaz bitez;; ur baso arruntean uma bedi geldituko den umore garratz samina eta dena irents konfiantza osoz.
Goiti-eginarazlea
Har bitez sei hitzaldi, dozena bat ehortze-otoitz nondinahikoak (kontutan hartuz ez daitezen izan N. Jaunarenak), opera berrien bilduma bat, berrogeita hamar eleberri, eta hogeita hamar oroitzapen berri; sar dena matrazean; utz digeritzen bi egunez; gero iragaz hondar suan.
Eta hori dena askiesten ez bada:
Beste bat Bortitzagoa
Har bedi J.F.-ren antzerki bilduma estaltzeko baliagarri izan den paper nabartuetarik orri bat; hiru minutuz ur beroan ezarri; beroarazi tisana bonen koilarakada bat eta irents.
Has-babidura sendatzeko erremedio txit erraza
Aita Mainbourg jesuita ohi agurgarriaren obra guztiak irakur, perpaus bakoitzaren bukaeran gelditzeko arreta hartuz, eta astiro-astiro arnasa nola itzultzen zaizun ohartuko zara, erremedioa errepikatu beharrik gabe.
Hazteri, zaragar, ezkabi eta beste ile eritasunetik zaintzeko
Har bitez Aristotelesen hiru kategoria, bi metafisika gradu, bereizketa bat, Chapelain-en sei bertsolerro, Saint-Cyran-go abadearen gutunetarik esaldi bat; idatz dena paper zatitxo batean, plegatu, zinta batez lotu eta lepoan eraman.
Miraculum chymicum, de violenta
fermentation cum fumi, igne et flamma.
Misce Quesnellianam infusionem, cum infusione Lallemaniana: fiat fermentatio cum magna vi, impetu et tonitru, acidis pugnantibus et invicem penetrantibus alcalinos sales: fiat evaporatio ardentium spiritum. Pone liquorem fermentatum in alembico: nihil inde extrahes et nihil invenies nisi caput mortuum.
Lenitivum
Recipe Molinae anodyni chartas duas: Escobaris relaxativi paginas sex; Vasquii emollientis folium unum infundo in aquae communis lib. iiij. Ad consumptionem dimidiae partis colentur et exprimantur;; et in expressione dissolve Bauni detersivi et Tamburini abluentis folia iij.
Fiat clister.
In chlorosim, quam vulgus «pallidos colores»
aut «febrim amatoriam»appellat.
Recipe Aretini figuras quatuor: R. Thomas Sanchii, De Matrimonio, fol. ij. Infundatur in aquae communis libras quinque. Fiat ptisana aperiens.
«Hona gure medikuak erabili drogak, espero daitekeen arrakastaz. Ez zituen errekara eraman nahi (zioen) bere eriak, erremedio arrarorik erabili, eta ia aurkitu ezinak direnak, nola adibidez, inor iharrausiarazi ez duen epistola dedikazionezko bat, aitzinsolas laburregirik, apezpikuak egin agindurik, beste jansenista batek mespretxatu edo jesuita batek miretsi jansenista baten obrarik. Uste baitzuen era honetako erremedioak egokiagoak zirela, berak inolaz ere pairatu ezin zituen berritsukerietarako.»
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu