CXLII GUTUNA
RICA-k ***-n dagoen USBEK-i
Hona atzo jakintsu batek idatzi zidan gutuna; bitxia irudituko zaizu:
«Jauna,
Duela sei hilabete errezibitu dudala osaba oso aberats baten primantza, bostehun edo seiehun mila liberatara iristen dena eta moble eder-ederrez hornituriko etxea. Benetan gustagarria gertatzen da ongiak edukitzea dakizkigunean ondo erabiltzen. Ez dut batere anbizionerik, ez plazeretako gogorik: ia beti gela batean sarturik nago jakintsu baten bizitza eramanez; hementxe aurkitzen da antzinate ohoragarriaren egiazko maitale bitxi bat.
Nire osabak begiak itxi zituenean, gogoko nukeen Greziar eta Erromatar zaharren zeremonioekin ehortzi; baina ez nuen hartarako ez malkotegirik, ez ontzirik, ez eta antzinako kriseilurik.
Baina bitxikeria hauetaz hornitu naiz geroztik. Duela egun batzuek nire zilarrezko ontziak saldu ditut, filosofo estoiko bati baliatu zitzaion buztinezko argiontzi bat erostearren. Bere geletako horma gehienetan ezarririk zeukan ispilu handi guztiez gabetu naiz, aitzina Virgiliok erabili mirailtxo zartatua erosteko: liluraturik nago bertan ikusirik nire irudia Mantovako Zisnearena ordezkatzen. Ez da hori dena: erosi ditut urrezko ehun luisetan duela bi mila urteko kobrezko bospasei moneta. Ez dut uste daukadanik gaur egun nire gelan, Inperioaren dekadentzia aurreko moble bat ere. Badaukat ere ganbaratxo bat eskuizkribu benetan balios eta preziatuekin. Beraietxek irakurtzen bista galtzen dudan arren, askoz ere nahiago dut haietaz baliatu ale moldiztegiratuez baino, ez direnak, noski, hain zuzenak, denen esku artean dabiltzanez. Ia inoiz irteten ez naizen arren, pasio mugagabe batek menderatzen nau Erromatar garaietako bide zaharrak ezagutu nahian. Bada bat gainera nire etxe ondotik pasatzen zena, Galietako prokonsul batek eginarazia duela mila eta berrehun urte inguru; hiritik kanpo dudan nire etxera joaten naizenean beti bertatik igarotzen naiz, aski bihurria izanagatik, eta lekua batez urruntzen nauen arren. Baina auzoko herrixketatik bereixteko, noizean behin landatu diren zurezko zutabeak dira gehien errabiatzen nautenak: desesperatuta nago ikusirik ikur miserableok, beste garaietan ziren harrizkoen ordez; ez dut dudarik nire ondorengoek berrezarriko dituztela nire testamentuan hartara behartuko baititut. Jauna, persiar eskuizkriburik baduzu, plazer handia emanen didazu saldu nahiez gero; eskatzen didazuna ordainduko dizut, eta gainera nire liburuetarik batzuek emanen dizkizut, jakinen duzularik horien bitartez ez naizela Letren Errepublikaren partaide alferra. Besteren artean nire solas bat, non frogatzen dudan antzinako irabazleek errezibitzen zuten koroa ez zela erramuzkoa, haritzezkoa baizik. Beste batean miretsiko duzu, nola greziar idazle jakintsuenetarik bilduriko iritziekin frogatzen dudan Cambyse ez zela eskuin zangoan zauritua izan ezkerrekoan baizik; eta beste bat, non Erromatarrek anitz estimatzen zuten edertasuna zen kopeta ttikia. Bidaliko dizut ere in-quarto tamainako liburu bat, Virgilioren Eneidaren seigarren liburuko bertso-lerro bat argituz. Guzti hau ez duzu egun batzuen buruan baizik hartuko, oraingo honetan askiesten dudalarik argitaragabea den eta liburutegi baten errautsetan aurkitu dudan greziar mitologista baten zati honekin. Uzten zaitut egiteko benetan garrantzitsu batek deitzen bainau: Plinio Naturalistaren aipu eder bat osatu behar baitut, bosgarren mendeko kopialariek modu arrotz batez desitxuratu dutenez.
Ni..., ea.»
ANTZINAKO MITOLOGISTA BATEN ZATI HAUTATUA
Orcadak deitu uharteen ondoko beste batean jaio zen haur bat aita Eolo, Haizeen Jainkoa, eta ama Caledoniako ninfa bat zituena. Diotenez, bakarrik ikasi zuen eriekin kontatzen eta lau urte zituela, jada metalak hain ongi bereizten zituen, ezen amak urrezko eraztun bat eman ordez letoinezkoa eman ziolarik, engainua ezagutu eta lurrera bota zuen.
Handitu zenean bere aitak haizeak zahagitan sartzen erakutsi zion, gero bidaiari guztiei sal ziezaien. Baina, bere herrialdean marxandis hura gutxiesten zutenez, Mundua kurritzen hasi zen Menturaren Jainkoa zen itsu baten konpainian.
Jakin izan zuen bere bidaietan Betika-n urreak leku guztietan distiratzen zuela; eta hara zuzendu zituen bere pausuak. Garai hartan gobernatzen zuen Saturnok ez zuen batere ongi errezibitu. Baina, Jainko honi, Lurra utzi zuenean, bidegurutze guztietarik ahots zakar batez oihukatzen hastea etengabe bururatu zitzaion: «Betika-ko Herriak, uste duzue aberats zaretela urrea eta zilarra daukazuelako? Zuen ezjakinaz urriki dut. Sinets nazazue: utz ezazue metal ezdeusen herrialdea: zatozte Irudimenaren Inperiora; eta agintzen dizkizuet zeuen buruak harrituko dituzten aberastasunak.» Berehala ireki zituen zeramatzan zahagirik gehienak, eta bertako gauzak banatu zizkion nahi izan zuenari.
Biharamunean, bidegurutze bertsuetara itzuli zen oihukatuz: «Betika-ko Herriak, aberats izan nahi duzue? Imajina ezazue ni oso aberats naizela, eta zuek ere bai; goizero buruan sar ezazue gau partean zuen fortuna bikoiztu egin dela; arin jaiki zaitezte; eta, hartzedunak badituzue, zoazte ordaintzera buruturiko bikoizpenekin, eta esaiezue beren partetik ere imajina ditzatela».
Egun batzuk geroxeago berragertu zen eta honela hitz egin zuen: «Betika-ko Herriak, ikusten ari naiz zuen irudimena ez dela lehen egunetakoa bezain bizia. Nireari jarraiki. Goizero zuen begien aurrean aberastasun iturri gertatuko zaizuen iragarki bat ipiniko dut; lau hitz bakarrik ikusiko dituzue bertan, baina adierazkorrak izango dira: zuen emazteen doteak, zuen semeen erresalbuak eta zuen zerbitzarien kopurua beraietxek arautuko baitituzte. Eta zuei dagokizuenez, esan zien ondoan entzuten zituenei, ene haur maiteak (horrela dei diezazueket, nigandik bigarren jaiotza hartu duzuenez), nire iragarkiak erabakiko du zuen tresnerien handitasuna, zuen besta oparotasuna eta zuen amoranteen soldata eta kopurua».
Handik egun batzuetara, gurutzebidera iritsi zen arnasa hartu ezinik eta haserrez amorraturik oihukatu zuen: «Betika-ko Herriak, irudimenaren aholkua eman nizuen, eta ikusi dut ez diozuela jarraiki. Ongi! orain agindu egiten dizuet.» Hori esandakoan bat-batean alde egin zuen; baina hobeto pentsatuz itzuli egin zen. «Jakin izan dut zuen artean badirela urrea eta zilarra gordetzen duten pertsona higuingarri batzuek. Zilarra tira; baina urrea..., urreari dagokionez, a! hain haserre jartzen nau... Zin dagit, bada, nire zahagi sakratuen izenean, ez baldin bazaizkit etortzen ekarriz, lazki zigortuko ditudala.» Gero ahots ezti eta erakargarriz erantsi zuen: «Uste duzue metal miserable horiek gordetzeko nahi ditudala nik? Nire fede onaren adierazle da, duela egun batzuek ekarri zenidaten erdia bat-batean itzuli nizuela.»
Biharamunean, urrundik ikusten zen eta ahots ezti, gozo batez zioen: «Betika-ko Herriak, jakin dut zuen altxorren parte bat atzerrietako herrialdeetan duzuela. Eskatzen dizuet, arren, itzul dezazuela: plazer handia emanen baitidazue eta betiereko esker ona adieraziko baitizuet.»
Eoloren semeak irri gutti egiteko gogoa zeukan jendearekin hitz egin zuen; baina ezinbestekoa izan zitzaien; zeharo txunditurik utzi zuena. Berriro animoak hartuz eskaera ttipi batekin ausartu zen. «Badakit harri ederrak dituzuela. Jupiterren izenean, saldu itzazue! Deusek ez zaituzte hainbeste pobretzen. Saldu itzazue, arren. Zeuek ezin baduzue, emanen dizkizuet bitartekari aproposak. Zein nolako aberastasunak pilatuko dituzuen zuen etxeetan, aholkatzen dizuedana egiten baduzue! Bai, nire zahagietan dauzkadanetarik aratzenak diren guztiak agintzen dizkizuet.»
Azkenean oholtegi baten gainera igoz, eta ahots bortitzago bat erabiliz, esan zuen: «Betika-ko Herriak, konparatzen dut orain duzuen zoriona eta iritsi nintzenean zenutena: ikusten dut Lurreko herririk aberatsena zaretela; baina, zuen fortuna burutzeko onar ezazue duzuen ondarearen erdia ken diezazuedan.» Hitz hauek esan ondoren, Eoloren semea desagertu egin zen, eta entzuleak kezka larrian gelditu ziren; beraz, biharamunean itzuli eta honelaxe mintzatu zitzaien: «Ohartu naiz atzoko nire solasa ez zenutela batere gogoko izan. Ongi! Kontsidera ezazue ez dudala deus ere esan. Egiaz, erdia gehiegixko da: beste bide batzuek hartuko ditut helburu bera lortzeko: bil ditzagun gure aberastasunak leku berean, errazki egin dezakegu: zeren ez duten leku askorik hartzen.» Handik laster hiru laurdenak desagertuak ziren.
Parisen,
1720ko Chaban-en ilargiaren 9an.
© Montesquieu
© itzulpenarena: Patri Urkizu